Hakita garatzailearen tiro joko arrakastatsua sarbide goiztiarrean aurkitzen da oraindik. PCan joka dezakegu.
Ultrakill azken urteetako tiro jokoerik eroenetako zein dibertigarrienetakoa da, eta bere unibertsoa hedatzen jarraitzen du. Eguneraketa berria jaso du gaur bertan, infernuko zazpigarren geruzara sartzea ahalbidetuz. “Biolentzia” deituta, mailak, etsaik, erronkak zein hobekuntzak inplementatzen ditu.
Ohi bezala, infernuko gune berriak girotze erabat desberdina proposatuko digu: Arsi “Hakita” Patala garatzailearen sorkuntza berriak mundu hotzera eramango gaitu oraingoan. Pareta zuriak gorriz margoztea izango da gure helburua. Lau maila gainditu beharko dira; nola ez, sekretuak ere barra-barra ikusiko ditugu berriro.
Hakitak berritasunen zerrenda prestatu du jokoaren Steam orrialdean, spoiler-en esparruan gehiegi barneratu gabe. Hemen irakur ditzakezue aldaketa guztiak.
Ultrakill ez baduzue ezagutzen, retro erako tiro joko zirragarri eta bizkorra da. Infernutik datorren robot baten rola hartuta munstroen, deabruen eta aingeruen aurka ariko gara.
Egileak Devil May Cry eta Quake frankizien arteko nahasketa bezala deskribatzen du titulua, eta zuzen dagoela esan beharra dago. Tiroketa ikusgarriak ikusiko ditugu armategi zabalari eta bereziari esker; gainera, gure abileziaren arabera puntuazio hobea lor dezakegu.
Oraindik sarbide goiztiarrean aurkitzen da, eta horrela jarraituko du etorkizun hurbilean; izan ere, zazpigarren geruza jasota, oraindik beste bi geratzen dira —gutxienez—, jokoa ofizialki kaleratu aurretik.
Game Erauntsian early access honen analisia prestatu genuen urrian. Hau genion maitemindu gaituen tiro jokoaz:
Proiektua bukatu gabe dago, baina Ultrakillek ikaragarrizko maila erakutsi du dagoeneko. Retro tiro jokoen muina nahiz mamia hartu, eta aldi berean berritasun interesgarriak gehitzen dizkio azken urteetako FPS frenetikoena eta xarmagarriena izateko.
Ultrakill PCan bakarrik joka dezakegu oraingoz. Steam saltokian eros dezakegu.
Iruzkinak