Greed izeneko doako eguneraketa kaleratu du jada Hakita garatzaileak tiro joko ikusgarri eta frenetikorako.
Devil May Cry, Quaken tiroketekin. Hori da zehazki Ultrakill indie bereziak eskaintzen duena. Arsi “Hakita” Patala garatzaileak bakarka garatutako abentura honek abilezia handia eskatzen duen tiro jokoa argitaratu zuen iaz, eta orain are eduki gehiago biltzen dituen eguneraketa kaleratu berri du doan.
Greed eduki gehigarriak lau maila, bi arerio mota eta bi etsai nagusi berri gehitu ditu, besteak beste. Eduki aldetik jokoak biltzen dituen elementuen kopurua handitzeaz gain mekanika berriak ere jaso ditu DevilMayQuake ezizenarekin ezagutzen den jokoak.
Protagonistak beso berria erabiltzeko aukera ere izango du. Horrekin gantxoa eskuratuko du: etsaiak erakartzeko balioko du, jarraian tirokatu edo jotzeko. Une berean erabili daitezkeen arma kopurua bikoizteko lanean aritu da garatzailea, baina azkenean laukoizteko aukera eman du: lau arma une berean erabili ahalko dira, kaosa areagotuta eta aldi berean, estiloari dagokion puntuazioa.
Eduki berriekin batera oinarrizko jokoa hobetzeko dozenaka aldaketa eta akats zuzenketa dakartza eguneraketak. Aldaketen zerrenda osoa jokoaren Steameko orrialdean irakurri daiteke.
Ultrakill PC-rako eros daiteke Steam bidez.
Abilezia handia eskatzen duen tiro jokoa da Ultrakill. Zailtasun maila latza duen arren, tiroketa ikusgarriek eta puntuazio maila hobetzeko gogoak benetan obra berezia egiten dute, ez baitago antzekorik. Iaz hauxe esan genuen Game Erauntsian idatzitako aurrerapenean:
Ordu gutxi batzutara arerioak airean jaurti eta txanpon bati tiro egindako erreboteari esker lurra berriz ukitu aurretik hilko ditugu, bidez batez bota duten odolarekin zauriak sendatuz. Shooter zaila da Ultrakill, baina jokatzen ikasten duenak gozatuz bukatuko du.
Iruzkinak