Hakita indie garatzailearen sarbide goiztiarreko jokoak edukiak jasotzen jarraitzen du.
Ultrakill ikaragarriak tiro joko klasikoen zein modernoen zaleen amets guztiak bete nahi ditu. Hori lortzeko eguneraketen bidez hobetzen jarraitzen du Arsi “Hakita” Patala garatzaileak: kaleratu berri duen Wait of the World eguneraketak hainbat berritasun dakartza.
Lehena eta nabarmenena Prime Sanctum mailetako bigarrena da. Zailtasun latzeko mailak dira hauek —oinarrizko jokoa erraza delakoan—, beraz P-2 gunerako prestatzeko eskatu digu indie garatzaileak. Zelan ez, bere abesti propioarekin dator. “Prest zaudela uste duzu? Zein ederra”.
Kutsu guztiz desberdina duen 5-S maila ere aipatzen da Steam-eko orrialdean: erlaxatzeko eta lasai hartzeko kokalekua izango da. Antzekoa gertatzen da garatzaileen museoa deitutako gunearekin: sekretu mordoa biltzen dituen tokia dugu. Jokoan parte hartu duten sortzaile guztiek egindako lana goraipatzeko bidea izanez gain, denetariko bitxikeriak aurkeztuko ditu museoak.
Kokalekuak alboratuta, etsai mota berria inplementatu dute eguneraketarekin: Radiant arerioak. Hauek sandbox joko motan proba daitezke, baina etorkizunean Encore mailetan gehituko dira. Buruan daukazuena da, bai: etsai are zailagoak eta indartsuagoak.
Horiei aurre egiteko, zorionez, arma bariazioa ere daukagu: S.R.S. Kanoia. Aurretik zegoen misil jaurtigailuaren aldaketa da, sekulako indarrarekin.
Aipatutakoak Wait of the World adabakiaren berritasunik esanguratsuenak dira, baina aldaketen zerrenda luzea prestatu du Hakitak jokoaren orrialdean.
Bukatzeko, zazpigarren layer edo maila handirako prestatzen hasteko eskatu digute. Violence izenarekin, “laster” barneratuko gara, garatzaileen arabera behintzat.
Game Erauntsian baten baino gehiagotan hitz egin dugu Ultrakilli buruz. Tiro joko bizi honek Devil May Cry edo Quake bezalako klasikoak uztartzen ditu jokagarritasun zoroarekin nahiz zorrotzarekin. Sarbide goiztiarrean eskura daiteke Steam bidez; aurten argitaratzeko asmoa dagoen arren, hirugarren ekitaldia bukatzea falta zaie arduradunei.
Iruzkinak