Saltoki digitalak Naughty Dog-en bilduma arrakastatsuaren merkaturatze eguna filtratu du. Uncharted 4 zein The Lost Legacy biltzen ditu.

Uncharted: Legacy of Thieves Collection desiratuak azkenik jaso du argitaratze data bere PCko bertsiorako. Ez da guztiz ofiziala, hori bai: Epic Games Store plataforman azaldutako eguna da. Tim Sweeney-ren saltokiaren arabera, urriaren 19an iritsiko da ordenagailuetara Nathan Drake abenturazalearen azken titulua.

Albistea Gematsu agerkariak jakitera eman du: merkaturatze eguna dagoeneko ezabatuta dago plataformatik, baina honen irudia gordetzeko gai izan dira.

Aspaldi iragarritako bilduma dugu: PlayStation 5-eko bertsioa urtarrilean kaleratu zen, eta PCko zaleek ordu hartatik daramate bideojokoaren zain. Sony-koek ez dute atzerapenen inguruko informaziorik eskaini: Marvel’s Spider-Man bezalako jokoak beranduago iragarri eta lehenago kaleratu direnez, Uncharteden PCko portak arazoak izan dituela suposa dezakegu.

Iron Galaxy estudioa izan da, orain arte behintzat, ordenagailuetako bertsioaren arduraduna. Garatzaile taldea portak egiten aditua den arren, aurretik hainbat lan trakets kaleratu dituztela nabarmentzekoa da: beraiena da, esate baterako, zorigaiztoko Batman Arkham Knighten PCko bertsioa —denbora gutxirekin garatu behar izan zutela aipatu beharra dago, hori bai—.

Gainera, PlayStation Studios-ek orain gutxi Nixxes Software bereganatu zuen mota honetako lanak egiteko: hauek izan dira Spider-Man portaren arduradunak, emaitza oso onak lortuta. Hortaz, Uncharteden laguntzen dabiltzala pentsa daiteke, baina hau baieztatzeke dago oraindik.

Uncharted: Legacy of Thieves Collectionek bi joko dakartza. Alde batetik, Uncharted 4: A Thief’s End bikaina daukagu, Nathan Draken azken jokoa. Bestetik, honen espantsioa den Uncharted: The Lost Legacy independentea gaineratzen dio.

Epic Games Storean jokoa erosita, gainera, Fortnite ezagunarentzako elementu kosmetikoa lortuko dutela ikus daiteke Gematsuren irudian: zehazki, Sully-ren hegazkina eskura daiteke.

Uncharted: Legacy of Thieves Collection urriaren 19an merkaturatuko da PCan; Epic Games Storean saltzeaz gain, Steam bidez ere erosi ahalko da. PS5eko bertsioa eskura daiteke dagoeneko.