2024tik aurrera instalatze bakoitzarengatik ordaindu beharko dute garapen motorraren doako bertsioa erabiltzen dutenek.

Unity garapen motorraren arduradunek sortzaileei zuzendutako exekutatze kuotak ezagutzera eman dituzte blog ofizialaren bidez: urtebetean 200.000 dolarretik gorako irabaziak eta 200.000 instalatze gainditu dituzten bideojokoengatik kuotak ordaintzen hasi beharko dira.

Baldintzok Unity Personal eta Unity Plus doako zerbitzuak erabiltzen dituztenentzat dira; 2024ko urtarrilaren 1ean ezarriko dituzte. Hortik aurrera, erabiltzaileek jokoa instalatzen duten bakoitzean 0,20 dolarreko kuota ordaintzen hasiko dira.

Beste aukera Unity Pro edo Unity Enterprise planak erabiltzea da. Kasu horietan baldintza desberdinak proposatu dituzte. Milioi 1 dolarreko onurak eta milioi bat instalatzeak gainditu beharko dituzte, baina ordaindu beharrekoak murriztuta ikusiko dituzte.

Kuotak Unity teknologiak garatzen eta hobetzen jarraitzeko “ezinbestekoak” direla diote jabeek. Aldaketarekin bideojoko garatzaileen mundua hankaz gora jarri dute Unitykoek. Estudioen artean sekulako haserrea eragin dute, indie sortzaile ezagunak zein txikiak kexaka jarriz.

Izan ere, aipatutako baldintzak faktore askoren artean kontuan hartzekoak dira: salmentekin dirua irabazi ordez, galtzen ateratzeko beldurra dute garatzaileek.

Adibidez, saltoki handietan beherapenak eskaintzerakoan, Game Pass bezalako zerbitzuetan euren jokoak gehitzerakoan edo bundle bilduma desberdinetan saltzerakoan ezinbestean emango diren instalatzeek suposa dezaketena aintzat hartzeko eskatu dute.

Kritiken ostean egoera argitzera atera dira Unitykoak: diotenez, erabiltzaile bakoitzak behin egindako instalazioa hartuko dute kontuan. Hau da, jokoa desinstalatu ostean berriz jokatzeko instalatzeari ekiten badiozu, Unitykoek ez dute zenbatuko.

Hori, baina, gailu bakarrari dagokio: joko bera beste PC batean instalatuz gero, garatzaileen zenbatekora gehituko da. Arazo nabarmena jokalariek geroz eta gailu gehiago dituzten aroan.

Karitateari zuzendutako joko bildumetan —pentsa Humble Bundle eta antzekoetan— kuotak aplikatu gabe geratuko direla adierazi dute garapen motorraren jabeek. Xbox Game Pass eta antzeko zerbitzuetan, berriz, kuotak harpidetzaren arduradunen esku joango direla nabarmendu dute.

Ez da nahikoa izan bideojoko sortzaileentzat, eta asko izan dira euren tituluak beste motor batzuetara aldatuko dituztela aldarrikatu dutenak. Halere, garatzaile txiki askok ez dute aukera hori edukiko; port-ak sortzearen zailtasunak zein gainerako motoreen prezioek eta baldintzek bide hori mugatzen dute.

 

Godot, Unityren tokia hartzeko prest

Unityren parean aurkitzen den Godot garapen motoreak bere zerbitzuak hedatzeko eta ezagutzera emateko aukera ikusi du sortutako polemikarekin.

Kode irekiko proiektuak Godot garapen fondoa aurkeztu du. Uztailean abian jarri zuten ekimenak sormen tresna hobetzen jarraitzeko beharrezko finantzazioa biltzeko bideak zabaltzea du helburu.

Fondoarekin Godot “jasangarriagoa eta independenteagoa” izatea gura dute, Patreon bezalako gainerako mesenazgo plataformengandik urrunduta. Bildutako diruarekin langile gehiago kontratatzeari ekingo diote motorra maila berrira eramateko.

Martxoan Godot 4.0 bertsioa kaleratu zuten, tresna guztiz berridatziz akatsak zuzentzeko eta erabilgarritasuna hobetzeko. Motor handien parera iristea lortzeko bide luzea geratzen zaion arren, askotariko garatzaileen begiradak erakartzea lortu du kode irekiko erremintak; izan ere, 3D zein 2D bideojokoak sortzeko balio du, hainbat erraztasun eta laguntza eskainita.