Garatzaileei zuzendutako konferentzia desberdinak eman dituzte alor desberdinetan sakontzeko. Eskuko PC-a 2022ko otsailean banatzen hasiko dira.
Steam Deckaren biltzar digitala egin dute Valveko arduradunek. Azken asteetan gailu eramangarriari buruzko hainbat datu berri eman dituzte; horien artean, zoritxarrez, eskuko PCa atzeratzeko erabakia dago. Halere, garatzaile gutxi batzuek baino ezin izan dute probatu Decka, eta jokoak honetarako garatzeko gidalerro eta laguntza eskasa jaso dute orain arte. Biltzarrean hardwarean zein softwarean sakondu, eta aldi berean eskuko PCa izan gabe honentzako garatzen hasteko pausoak zehaztu dituzte Steameko arduradunek.
Arlo teknikoa izan da beraz, zalantzarik gabe, biltzarrean jorratu dutena. Halere, jokalarientzat oso interesgarriak izan daitezkeen xehetasunak ere eman zituzten bertan.
Hardware aldetik, zehaztapenak birpasatzerakoan RAM motaren eta memoriaren inguruan hitz egin zuten. LPDDR5-a erabiliko duen lehen gailuetakoa izango da Steam Deck: energia gutxiago erabilita memoria abiadura azkarragoak eskainiko ditu, gailu eramangarriarentzat ezinbestekoak. 16 GB-eko memoria izango da gainera; egungo jokoek 12 GB kontsumitzen dituztela nabarmendu dute garatzaileek, beraz sistema eragilea eta beste ezaugarriak jokoekin batera funtzionatzeko aproposa izango da.
Nabarmentzekoak dira disko gogor eta SD txartelei buruz emandako abiadura datuak. Bideo-jokoak abiarazterakoan SSD disko gogorrak izango dira bizkorrenak, nola ez; dena den, 64 GBeko eMMC disko gogorrak —Deckaren modelo merkeenarena, hain zuzen ere— jokoak hasterakoan beharko duen denbora % 12 batean haziko da. SD txartelak, berriz, % 18 geldoagoak izango dira SSDarekin alderatuta. Steam Decka piztu eta sistema eragilea abiarazterakoan, eMMCa SSDa baino % 12 motelagoa izango da. Hau da, desberdintasuna nabarmena izango den arren, ez da horren esanguratsua izango.
Dena den, aldez aurretik esan bezala Deckaren osagarriak erosteko saltokia zabalduko du Valvek: bertan disko gogorrak, stick-ak eta gehiago bilduko dituzte, ondoren erabiltzaileek gailura gaineratzeko.
Beste batez baieztatu dute, gainera, errendimendua berbera izango dela modu eramangarrian zein dock batera konektatzerakoan. Adibidez, Nintendo Switch-ak bereizmen eta fps desberdinak eskaintzen ditu jokoetan bi modu hauen artean aldatzerakoan.
Etorkizunean Steam Deckaren modelo eguneratuak kaleratzen joateko asmoa agertu dute. Ikusteko dago noiz merkaturatuko dituzten, baina suposatzekoa da gailuaren arrakastari lotuta egongo direla; kolore gehiagotan merkaturatu nahi dute baita: aurkezpenean Portal frankiziako Aperture Science laborategian oinarritutako Deck zuria erakutsi zuten.
Suposatzekoa zenez, Steam Deckak ez du bideo-joko esklusiborik jasoko; PCa da, azken finean, beraz beste ordenagailuetan dauden joko berberak edukiko ditu. Steam plataformakoak ez diren jokoak modu errazean instalatzeko bidea prestatzen ari dira gainera: aurretik esan bezala ez dute mugarik jarri nahi PCko plataformen eta saltokien aldetik.
Garapenerako gidalerroak
Softwarera igarota, Deckaren ezaugarriak aprobetxatzen dituzten bideo-jokoak garatzeko gidalerroak prestatu dituzte Valvekoek; guzti hori, gailua oraindik ez duten garatzaileentzat bideratu dute Deckaren ahalik eta antzekoena den PC baten zehaztapenak eskainita. Izan ere, kontsola merkaturatzeko arazoak izanik garapen kitak banatzekoak ere dituzte.
Ryzen 7 3750H prozesadorea, Radeon RX Vega 10 txartel grafikoa eta 16GB DDR4 RAM biltzen dituen PCa da, Valven arabera, Steam Deckaren baliokidea. Eskuko PCa CPU aldetik pixkat indartsuagoa izango dela diote, eta ahulagoa GPUaren kasuan, baina probak egiteko gailurik aproposena zehaztapen horiek dituena da, 720p-ko bereizmena duen pantailarekin batera. Hori horrela, AMD NUC Box bat gomendatzen dute.
Steam OS 3.0 sistema eragilea argitaratzeko denbora behar dute oraindik, eta horregatik Manjaro KDE da garatzaileek erabili beharko luketena probak egiteko.
Era guztietako laguntzak eta ezaugarriak
Segundoko irudien tasa kontrolatzeko 30 edo 60 fps-ko mugak gehitzea eskatu dute Valvekoek. Modu horretara energia aldetik Steam Decka errazago kudeatzea lortuko da; dena den, konponbide orokorra prestatzen ari dira gailuaren arduradunak, joko guztietan fps-ak mugatzeko balioko duena.
Proton-i dagokionez, Vulkan API-a erabiltzeko deialdia egin die Valvek garatzaileei. DirectX 12 erabiltzen duten jokoak horren ondo funtzionatzen dute Proton bidez, DX11-k itzultzailearekin duen errendimendua gainditzen duela. Arduradunek argi utzi dute: ez die axola Linuxerako berez garatutako jokoak prestatzea edo Protonerako egokitzea; tresnarengan konfidantza osoa dute.
Aginteentzako euskarriari dagokionez, Steam Input guztiz eraberritzen ari dira. Garatzaileei zein jokalariei era guztietako erraztasunak eskaini nahi dizkiete arduradunek: plataforma desberdinetako aginteentzako berritasunak ezarriko dituzte, Deckaren aginteenarekin batera.
Horretarako, Xinput bidez funtzionatzen duten aginteak modu desberdinean kudeatuko ditu Steam Inputek, eta garatzaileek kontrolak modu errazean izendatzeko aukera edukiko dute: adibidez, dagoeneko kaleratutako joko batek Xbox-eko ikurrak soilik izan arren, beste aginte erabilienentzako ikurrak erabili ahalko ditzake ezer berezirik egin gabe.
Aipatutako ezaugarriak eta askoz gehiago laburbildu ditu Valvek Youtube kanalean argitaratutako bideoetan.
Steam Decka orain egun batzuk berandutu egin zuten: printzipioz abendurako iragarrita, datorren urteko otsailean hasiko dira lehen Deckak banatzen.
Iruzkinak