Bullet Hell estiloko roguelike jokoak Sonic klasikoetako bonus mailak berreskuratu ditu eduki berriak gehitzerakoan.
Poncle garatzailearen taldeak Vampire Survivors arrakastatsuan are eduki gehiago gaineratzen jarraitzen du. 1.3 adabakiak kaosa dakar: Bat Country deitutako erronka maila berriak denetariko erokeriak gehitu dizkio bideojokoari.
Trailerra ikusita, zerbait gogorarazten dizuela konturatuko zarete ziurrenik: Sega-koen Sonic klasikoen bonus mailetan oinarritutakoa da kokaleku berria. Zehazki, Sonic 1-eko eta Sonic 3-ko maila berezietako elementuak biltzen ditu.
Arduradunek Steam-eko jokoaren orrialdean azaldu dutenez, esperientzia gutxi lortzeko aukera dago, baina, aldi berean, etsaien kopuru izugarriarekin topo egingo dugu saguzarren herrialdean. Zoramen hutsa izateaz gain, bi erlikia sekretu gordetzen ditu: aztikerien indargailua, eta Mortaccio-rentzat prestatutako kaos esmeralda —bai, hau ere Sonicekoa—. Hauek desblokeatzea eta lortzea ez da batere erraza izango, ordea.
Aipatutakoekin batera denetariko oreka aldaketak eta zuzenketak prestatu dituzte 1.3 eguneraketarekin. Egia esan, garatzaileek ez dute atsedenik hartu sarbide goiztiarreko garaietatik: etengabe dabiltza gauza berriak prestatzen.
Adabakia doakoa da jokoaren erabiltzaileentzat, eta ez ditu Legacy of the Moonspell espantsioko edukiak eskatzen. Hori horrela, PCko bertsioetara nahiz mugikorretara iritsi da; Vampire Survivors Android-en eta iOS-en estreinatu zen abenduan, dohainik.
Iruzkinak