Lasombra eta Toreador pertsonaiak ordainpekoak izatea gura zuten arduradunek. Urriaren 21ean estreinatuko da PC, PS5 eta Xbox Series gailuetan.

Vampire: The Masquerade – Bloodlines 2ren oinarrizko edukiak aldatzeko erabakia hartu du Paradox Interactivek. Marco Behrmann jokoaren ekoizleak banpiro klan guztiak bideojokoarekin batera argitaratuko dituztela iragarri du.

Abuztuan, Bloodlines 2ren argitaratze data zehaztu zutenean —urriaren 21ean kaleratuko dute—, jarraitzaileak sumindu zituen albistea eman zuten Paradoxekoek. Bideojokoa hasterakoan gure pertsonaia sortzerakoan eta testuingurua eskaintzerakoan hainbat klanen artean hautatu ahalko genezakeela berretsi, baina, horietatik bi, ordainpekoak izango zirela adierazi zuten: Lasombra eta Toreador klanak, zehazki.

Komunitateak eskainitako feedbacka aipatu du Behrmannek: “Lasombrak eta Toreadorrek oinarrizko jokoan egon behar dute, hori da egingo duguna, beraz”. The Chinese Room garatzaileari eskerrak eman dizkio, jokoa kaleratu aurretik egindako aldaketengatik.

Zaleek erabakia ospatu badute ere, mesfidati agertu dira. Paradoxekoek hasiera batetik har zezaketen hautua dela aldarrikatzen dute, baina, erantzun ezkorra ikusi ondoren hartuta, jokoa are ikuspuntu negatiboagotik ikusten hasi dira.

Izan ere, honi guztiari jokoak aurretik izandako arazo nabarmenak gehitu behar zaizkio: 2019an iragarri zen Bloodlines 2 Hardsuit Labs estudioaren gidaritzapean. Garapen prozesu zailaren ondoren, jokoa ia hilik geratu zen, Paradoxek 2023an The Chinese Room taldeari eman arte. Estudioa aldatzeak ez du guztia konpondu, ordea, azken urteotan proiektua bukatzeko sufritzen ibili baitira, atzerapenak bitarte.

Oinarrizko edukiak doakoak izango dira, baina ez pentsa Paradoxekoak ordainpeko espantsiorik iragarri gabe geratu direnik. Loose Cannon eta The Flower & the Flame deitutako DLCak 2026an kaleratuko dira; jokalariek premium edizioarekin batera eros ditzakete.

 

Banpiroak Seattle-n

Phyre banpiroaren rola jokatuko dugu Bloodlines 2n. Mende bat lozorroan igaro ondoren, Seattle hirian biziko ditugun bederatzi gauetan Fabien izeneko malkavian klaneko banpiro detektibearen ahotsak entzungo ditugu gure buruan, misterioak argitzen eta gure botereak berreskuratzen gabiltzan bitartean.

Lehen pertsonako ikuspegiarekin zeharkatuko ditugu AEBetako hiriko kaleak, banpiro fakzio desberdinak ezagutuz, borroketan parte hartuz eta esploratuz. Erronka bakoitzari aurre egiteko bide desberdinak egongo ei dira, immersive sim kutsua erantsita, aurreko tituluak egin bezala.

Vampire: The Masquerade – Bloodlines 2 PC, PlayStation 5 eta Xbox Series plataformetan merkaturatuko da urriaren 21ean.