Zaleek osatutako Veloren Community taldearen lana ofizialki joka daiteke gure hizkuntzan. Doakoa da, Windows, GNU/Linux eta Mac bertsioekin.
Veloren da ziurrenik azken urteetako kode irekiko proiekturik interesgarrienetakoa: zaleen komunitateak sortutako abentura honek Cube World, Legend of Zelda: Breath of the Wild, Dwarf Fortress eta, nagusiki, Minecraft hartzen ditu inspirazio iturritzat. Adin guztietako jokalariei zuzendutako titulua hartu eta euskaratzeari ekin dio Game Erauntsiak.
Izatez, orain aste batzuetatik joka zitekeen euskaraz; halaxe azaltzen zen gure euskarazko bideojokoen zerrenda eraberrituan. Hala ere, gaur arte ez dugu publiko egin. Zergatik? Azken txukunketak eta zuzenketak egitea falta zen, baita hauek ofizialki bideojokoan inplementatzea ere.
Multijokalariari zuzendutako lana da Veloren. Abenturak, askatasuna, borrokak eta lagunekin elkarlanean aritzea dira proposatutako bizipenetako batzuk. 150 bat garatzailez osatutako taldeak sortu du bere denbora librean: Garatzaileak, jokalariak, artistak eta musikariak elkartu dira proiektua aurrera eramateko.
Rust programazio hizkuntza erabilita hartu dute voxelez —hau da, hiru dimentsioko objektu bat osatzeak osatzen dituzten unitate kubikoak— eratutako mundu irekia sortzeko lana. Hori horrela, bertan denetarik ikusiko dugu: herrixkak bere biztanleekin, akatu beharreko etsaiak eta zeharkatu beharreko mendiak, haranak zein kobazuloak.
Ziegak eta herensugeak mahai jokoan ikusitako antzeko abenturak proposatzen ditu Velorenek. Lagun talde bat osatu, bakoitzak bere rola hartu —ezpataria, magoa, lapurra, tankea…—eta altxorrak bilatzeari zein misioak burutzeari ekin beharko zaio.
Pertsonaia sortzerakoan arraza desberdinen artean aukera dezakezu, baita edukiko duzun itxura zehaztu ere. Mailaz igoko gara, gure abileziak hobetuko ditugu, eta armak nahiz armadurak erosiko eta ekipatuko dira. Bakarka jokatzeko aukera ere badago, noski.
2018an abiarazitako proiektua da, eta gaur egun adabaki esanguratsuak kaleratzen jarraitzen dute. Orain gutxi argitaratutako 0.13 bertsioak arma modularrak, kobazulo sistemak, eguraldi dinamikoa eta askoz gehiago inplementatzeko balio izan du.
Hori horrela, eguneraketekin ere euskarazko lokalizazioa egunean mantentzen jarraitu beharko da. Game Erauntsiak lan hori hartuko duen arren, itzulpenetan edozeinek parte har dezakeela gogoratu beharra dago. Veloren zein beste edozein bideojoko euskaratzeko gogoak badituzu, jarri gurekin harremanetan inolako beldurrik gabe.
Veloren kode irekiko jokoa izanik, guztiz doakoa dela nabarmentzekoa da. Airshipper programa ofizialaren bitartez deskarga daiteke jokoa: hau webgune ofizialetik jaitsi daiteke. Windows, GNU/Linux eta Mac sistema eragileentzako bertsioak dituzte garatzaileek.
Iruzkinak