Re-Volt mitikoaren berpizkundea prestatzen dabil Antique Cat Productions taldea. 2025ean estreinatuko da ordenagailuetan.

Volt Recharge ofizialki aurkeztu du Antique Cat Productions estudioak. Telegidatutako auto ñimiñoak kontrolatuko ditugu zirkuitu erraldoietan zehar.

Irudiak zein bideoa ikusita, inspirazio iturria nabarmena da: 1999ko Re-Volt klasikoan oinarritu dira Volt Recharge sortzeko. Horrenbesteraino, ia-ia berregitea dela pentsa daitekeela —eta hori uste dute askok, bideoaren iruzkinak irakurrita—.

Ez da horrela, baina auzoetako kaleetatik, supermerkatuetatik eta lantegietatik gidatzea proposatuko digu, Acclaim-en obra mitikoak egin bezala. Unreal Engine 5 garapen motorearekin sortutako maila bakoitza “dinamikoa” izango dela aipatzen dute arduradunek. Zirkuituetatik sakabanatutako indartzaileak hartuz gero, turboak, suziriak eta bestelako objektuak erabiliko ditugu.

Auto telegidatuak konfiguratzeko aukera eskainiko digu Volt Rechargek: dirudienez, kotxeen koloreak aldatzea izango da aukeretako bat, baina errendimendua moldatzeko konfigurazio desberdinak probatzen ibiliko gara.

Bukatzeko, bai ala bai gehitu behar zuten ezaugarria: multijokalaria. Online ezaugarriak zein tokiko partidak antolatzeko tresnak egongo dira bideojokoan.

Volt Rechargen proposamen interesgarriaz gozatzeko datorren urtera itxaron beharko dugu: 2025eko lehen hiruhilekoan PCrako prest egongo dela diote garatzaileek Steam saltokiko orrialdean.

 

Re-Volt, doan eta euskaraz

Bitartean, Re-Volt originalean barnera gaitezke, gaur egun ere partida dibertigarriak eskaintzen jarraitzen baitu. Komunitateari esker, egia esan: RVGL Project eraldaketari esker 1999ko lasterketa jokoa hobetzen eta hedatzen dihardu… dohainik eskainita, gainera.

Hobekuntzak nahiz ezaugarri berriak dakartza RVGLk: errenderizatzaile berria, 4K bereizmenerako zein pantaila zabalentzako euskarria, pantaila zatitudun multijokalaria (PCko bertsiotik kanpo geratu zena bere garaian), iragazki bisualak, online partidetarako netplay hobea P2P jokoarekin, pertsonalizazio aukerak, hobetutako soinua, Dreamcast-eko bertsioak edukitako ezaugarri bereziak eta askoz gehiago ikusiko ditugu komunitatearen edizio berezi honetan.

Onena? Euskaraz ikusiko ditugula, Game Erauntsiak 2018an Re-Volten bertsio hau euskaratu baitzuen. RVGLren webgunean dagoen jokoa jaitsi baino ez dugu egin beharko gure hizkuntzan jokatzeko: hasierako menuan azalduko zaigu euskaraz aritzeko aukera.