Futbolean, saskibaloian, boleibolean, ulaman, eskupilotan, tenisean eta futbol amerikarrean jokatuko dugu beste hiru lagunekin.
Voodoo Strikers estreinatu du Cokoon Games Lab Iruñeko estudioak ordenagailuetan —Steam bidez— nahiz Switch kontsolan. Ofizialki euskaraz kaleratutako titulua kirol joko dibertigarri eta koloretsua da.
Orain gutxira arte Narona Sports Supernatural izenaz ezagutzen genuen Voodoo Strikers; izan ere, Narona Sports originalaren hobetutako bertsioa da iruindarrek prestatutakoa. Bertan bost kiroletan jokatu genuen: futbolean, saskibaloian, boleibolean, ulaman, eskupilotan. Bertsio berrian bost horiei bi berritasun gehitu zaizkie: tenisa eta futbol amerikarra.
Bi dimentsioko atal estekiko koloretsua bezain ederra aurkezten digu tituluak. Jokagarritasuna ere plano berera mugatzen da, kontrol sinpleekin eta errazekin; alegia, publiko guztiengana zuzendutako obra da Cokoonena.
Mekanika berriak ikusiko ditugu Voodoo Strikersen. Supertiro zein sasoi barraren arabera lasterka egiteko ahalmenek estrategia puntutxoa ematen diote norgehiagokei, bakoitza une egokian erabiltzea ezinbestekoa izango baita garaipena eskuratzeko.
Pertsonaia sorta erakargarria aurkezten zaigu, gainera: bost neska eta bost mutil izango ditugu hautatzeko, bakoitza berezko abiadura, salto eta indar estatistikekin. Zelaiak ausaz sortutakoak izango dira, maldekin —irrist egin dezakegu hauetan azkarrago joateko— edo errebotatzeko perretxikoekin.
Jokoak ez du inolako kanpainarik; horren ordez, kirol desberdinetan jokatzen aritzea da proposatzen zaiguna. Zorionez, interesa areagotzeko ezaugarriak prestatu dituzte garatzaileek: bakarka zein lagunekin joka dezakegu, nola ez, tokiko multijokalarian. Gainera, partidu bakoitzaren bukaeran lortutako emaitzekin eduki berriak desblokeatzen joango gara: pertsonaiak nahiz hauentzako itxurak, joko motak, zelaiak edo taldeak eskuratuko ditugu jokatu ahala.
Aipatu modura, euskaratzea ofiziala denez, jokoaren menura jo baino ez dugu egin beharko gure hizkuntza hautatzeko: PCko zein Switcheko bertsioetan modu berean alda dezakegu mintzairaz.
Proposamena erakargarria iruditzen? Erosi aurretik probatzeko aukera daukazu: bi plataformetan doako demoa estreinatu dute egileek. Ordenagailuko jokalariek estreinaldia ospatzeko beherapenarekin eros dezakete Voodoo Strikers: 4,49 eurotan merkaturatu du Iruñeko taldeak.
Iruzkinak