Digipen unibertsitateko ikasleek garatutako lanak beste 32 bideojokorekin batera aurkeztu dira ekitaldian.
Weird Market ekimenak animazioa, bideojokoak eta eduki berriak batzen ditu. Aurten jarduera egiten duten hamabigarren urtea izan da Segovian, eta bertan Erroak, Entails eta Quest 4 Papa: Reloaded euskal jokoak ikusi ahal izan dira.
Berria Digipen Europe-Bilbao unibertsitateak eman du. Izan ere, aipatutako jokoak unibertsitateko ikasleen talde desberdinek egindakoak dira Digipen Dragons markaren baitan.
Erroak Confusion Games garatzaileak sortu duen ikuspegi isometrikodun borroka jokoa da. Jostagarritasunak antzinako beat ‘em up jokoak gogoraraziko duela nabarmentzen dute arduradunek: mugimendu gutxi batzuekin arerioen hordak akatuko dituzte jokalariek.
Euskal mitologia jarraituko du bideojokoak: Izaro gaixotu ondoren Urko errementariak Marirekin itun bat egingo du alaba salbatzeko. Hori lortzeko baina, sorginek madarikatutako euskal herriko lurrak zeharkatu beharko ditu.
Entails eta Quest 4 Papa: Reloaded 2020ko Gamelab ekimeneko sarien hautagaien artean izan ziren. Lehenengoa Doxa Productionsek sortu du: Metal Slug bezalako akziozko joko arkadeak jarraitzen dituen akziozko jokoa da. Bertan robot bat gidatuko duen hamsterra kontrolatuko da.
Quest 4 Papa: Reloaded hack and slash erako jokoa dagoeneko Steam bidez jaitsi daiteke. Rumba Corpen jokoan ikuspegi zenitalarekin jokatzen da: Roach protagonistarekin dozenaka arerioren aurka ariko dira jokalariek.
Euskal joko horiek beste 32 bideojokorekin batera ikusi izan dira Weird ekitaldiaren baitan.
Iruzkinak