Nekazaritza mekanikak ere uztartuko ditu. Grimorio of Games estudio katalanaren ARPG arrakastatsuaren spin-off titulua da.

Vampire Survivorsen klonekin jarraitzen dugu, nahiz eta ezagutu dugun azkenak berezko berezitasunak dituen. Whispike Survivors: Sword of the Necromancer interesgarria uztailaren 20an estreinatuko da PC-an zein PlayStation eta Switch kontsoletan; egun batzuk beranduago, abuztuaren 3an, Xbox gailuetara iritsiko da.

Izenak dioen modura, Sword of the Necromancer ezaguneko munduan girotutako titulua da —Game Erauntsiak euskaratutako jokoa, bide batez—: horrela, Grimorio of Gamesko katalanek sortutako munstroak eta izakiak ikusiko ditugu Whispike Survivorsen.

Poncle-k garatutako VS ezagunean gertatu modura, ehundaka arerioren aurka ibiliko gara gure Whispike izakiek automatikakoki egindako erasoekin: botereak eta abileziak lortzen zein hobetzen ariko gara partidetan are eraso hilgarriagoak eta handiak erabiltzeko. Iragarpen bideoan mugimendu ezagunak ageri dira: zigorra, berakatza edo tximistak, besteak beste.

Berezitasunak, baina, nekazaritza edo kudeaketa mekaniken aldetik datoz; izan ere, Whispikeak bizitza galtzerakoan hauek askatutako haziak erein ditzakegu gure ortuan, modu horretara Whispike boteretsuagoak hazteko nahiz hauen abileziak nahasteko. Whispike helduak soilik kontrolatuko ditugu: hauek azkarrago hazteko akatutako etsaiak erabiliko ditugu simaurtzat.

Esan bezala, Whispike Survivors: Sword of the Necromancer uztailaren 20an merkaturatuko dute PC, PlayStation eta Switch plataformetan; abuztuaren 3an, berriz, Xbox gailuetan jokatuko dugu.

 

Bigarren Sword of the Necromancer-ekin batera

Whispike Survivors titulu alternatibo txikia da, baina Grimorio of Gameseko kideak beste proiektu handia daukate esku artean: Sword of the Necromancerren jarraipen zuzena.

Sword of the Necromancer: Revenant deitua, hiru dimentsioetara jauzi egingo dute bigarren tituluarekin.

Akziozko RPG abentura izango da berriz, roguelike elementuak eta ziegak uztartuz. 3Dekin, halere, jokagarritasuna goitik behera eraberrituko dute, esploratzeko mundu zabala eta borroka dinamikoak eskainita.

Bi jokalarirentzako kooperatiboa ere proposatuko dute Revenantekin; izan ere, bakarka jokatzerakoan adimen artifizialak kontrolatutako lagunarekin biziko ditugu bidaia guztiak. Nahi izanez gero, adiskide hori benetako pertsona batek kontrolatzeko aukera egongo da.

Sword of the Necromancer: Revenantek ez dauka argitaratze datarik oraindik.