Euskarazko Wikipediaren datu basea erabiltzen du nabigatzaile bidez ordenagailuetan zein gailu mugikorretan joka daitekeen tituluak.
Talaios Kooperatibak nabigatzaileetako bideojoko txikiak euskaraz argitaratzen jarraitzen du. Hitzak protagonista dituen Wordle eta Euskal Herriko udalerrietan ardazten den WorLdlEH euskaratu ondoren, Wikitribia aurkeztu dute kooperatibakoek: denbora lerroak sortzeari eta ordenatzeari ekingo diogu doako obra honetan.
Kronograma horietan pertsonai zein eraikin historikoak, udalerriak, jazoera garrantzitsuak eta bestelakoak azalduko zaizkigu txartel itxurarekin. Bi txartelekin hasiko ditugu partidak: denbora lerroan kokatzen joan beharko gara, eta, behin jarritakoan, hauen jaiotza edo sormen urtea azalduko zaigu. Toki zuzenean kokatuz gero, zenbaki hori kolore berdeaz agertuko da; oker jarrita, berriz, gorria ikusiko dugu. Saio berean hiru biderrez kale eginda partida bukatutzat emango da.
Esan bezala, nabigatzaile bidez jokatzen dira partidak: ordenagailu nahiz gailu mugikor bidez ibil daiteke hortaz Wikitribiara.
Dena den, denborapasa honek ez du Talaiosek aurretik euskaratutako beste bi jokoen formatua jarraitzen: egunero partida bakarra jokatu beharrean, nahi beste errepikatu ditzakegu. Zirrara mantentzeko, partida bakoitza desberdina izango da, hori bai.
Kode irekiari esker euskaratutakoa
Kronogramak Euskarazko Wikipediako eta Wikidata-ko datu baseak erabilita sortzen dira. Hala eta guztiz ere, Wikitribia Tom J. Watson garatzaileak sortutako Wikitriviatik eratorritako jokoa da: sortzaileak tituluaren kodea partekatu zuen edonork nahi bezala moldatzeko eta egokitzeko.
Game Erauntsiaren euskarazko bideojokoen zerrendara gehitu dugu Talaiosekoen azken sorkuntza. Bertan nabigatzaileetako tituluak, bideojoko independenteak zein AAA obrak aurkituko dituzu, bai bideojokozaleen komunitateak lokalizatutakoak, bai garatzaileek gure hizkuntzan argitaratutakoak.
Iruzkinak