Josu Igoak itzulpena ofizialki gaineratzea lortu du. Palanka bikoitzeko tiro jokoak sekulako arrakasta dauka PCko jokalarien artean.
Windowkill dugu euskaraz joka dezakegun azken bideojokoa. Sistema eragileko leihoen artean borrokan eta tiroka jartzen gaitu.
Josu Igoa agortezina izan da, beste behin, euskaratzearen arduraduna. Oraingoan xehetasun txalogarriarekin etorri zaigu, gainera: jokoa ofizialki aurkitzen da gure hizkuntzan. Torcado garatzaileak prestatutako Discord zerbitzarian bota zuen proposamena: dirudienez, itzulpenentzako txokoa daukate bertan, eta egileak “gustura hartu zuen” euskaraz eskaintzeko aukera.
Hori horrela, jokoa abiatzerakoan irekitzen zaizkigun leihoen artean aukerak bilatu, eta hizkuntzetan gurea hautatzea baino ez dago. Steam zein itch.io saltokien bidez eskura dezakegu Windowkill; itch.ion doako proba ere badaukagu, baina ordainpeko bertsioa baino ez dago euskaratuta.
Ludum Dare 54 game jam ekitaldian jaiotako jokoa da Windowkill. Jokoaren lehen bertsioa sortu ondoren, Torcado hau hobetzen aritu da, are ezaugarri gehiago gaineratuta. Palanka bikoitzeko tiro jokoen (twin stick shooter) oinarriak hartzen ditu: 1979. urteko Asteroids klasikoan egin bezala, ontzi txikia kontrolatuko dugu guregana datozen arerio geometrikoak akatzeko.
Berezitasunak, baina, anitzak eta ikusgarriak dira. Aipatu modura, gure PCko sistema eragilearen leihoak erabiltzen ditu guda zelaia osatzeko. Partida txikitzen eta mugitzen doan leiho bakarrean hasiko dugu: gure ontziarekin ertzetara tiro eginez leihoa handi dezakegu. Adi ibili beharko gara, kanpoaldetik etsaiak iritsiko baitira. Gure ingurua kontrolatzea eta bizkorrak zein trebeak izatea ezinbestekoa da.
Partidan aurrera egin ahala, erronka nahasten hasiko da. Etsaiak leiho independenteetan —baina konektatutakoetan— azalduko zaizkigu: beste leihoetatik datozen tiroak eta arerioak ekidin beharko ditugu, aldi berean gure erasoak jaurtitzen ditugun bitartean.
Dinamika zirraragarri horri roguelike elementuak eransten dizkio jokoak: akabatutako etsaiek emandako puntuekin dendara jo dezakegu tiro bereziak, bizitza gehiago edo mugimendu azkarragoa bereganatzeko, beste hainbat hobekuntzen artean. Etsai nagusiekin topo egingo dugunez, edozein aurrerapen eskertzekoa da.
Modalitate amaigabea da nagusia, baina beste hainbat proposamen ere desblokeatuko ditugu partidak jokatu ahala: erronka desberdinak, kontrolatzeko pertsonaiak, kantak eta bestelako apaingarriak eskuratuko ditugu jokatu ahala.
Windowkillen eskaintza ez da hor bukatzen. Multijokalarian lagunekin batera ibil gaitezke leihoen erasoari aurre egiten: dozenaka lagun batu daitezke partida berean —ez dakit zein den jokalarien muga!—. Errematatzeko, Steam Workshop euskarriarekin denetariko mod-ak gaineratu ahalko dizkiogu.
Proposamen sinplea, alde batetik, baina baita berritzailea ere. Steamen iaz estreinatu ondoren, jokalarien artean aparteko arrakasta eskuratu du Torcadoren lanak, balorazio oso positiboak lortuta —% 92, zehazki—.
Eskerrak eman behar dizkiogu egindako lanagatik, beraz, Igoari: euskaratutako bertsioarekin obra interesgarri honetan are gehiago barneratzeko aitzakia daukagu.
2025a euskaraz hasi dugu
Windowkill interesgarria ez da aurten euskaraz jaso dugun lehen bideojokoa. Ibai Oihanguren zaleak azken urteotako indie maitatu bat itzuli du gurera: Untitled Goose Game ospetsua, antzararen jokoa, alegia.
Iazkoa da, baina Igoak urteko azken egunetan ere beste titulu itzela utzi zigun euskaraz: The Plucky Squire-ko ezkutari ausartaren abenturez goza dezakegu gure hizkuntzan.
Guztiak, beti bezala, euskarazko bideojokoen zerrendan aurkituko dituzu!
Iruzkinak