Ibai Oihanguren arduratu da WeatherFell taldearen lana itzultzeaz PCrako zein kontsoletarako. Donkey Kong Country klasikoen oinordekoa izango da.
Windswept plataforma abentura azaroaren 11n argitaratuko dela jakinarazi dute WeatherFell estudioak eta Top Hat Studios argitaletxeak. Datarekin batera, bideojokoa ofizialki euskaraz merkaturatuko dela jakin dugu.
Berria itzulpenaren arduradunak eman du Game Erauntsiaren Telegram taldean: Ibai Oihanguren zalearen beste itzulpen proiektuetako bat da Windswept. Oraingoan, zorionez, egindako lanaren aitorpena beste maila batean dago, PCan zein PlayStation, Nintendo eta Xbox kontsoletan euskaraz jokatzeko aukera egongo baita zuzenean.
90eko hamarkadako plataforma jokoak omentzera eta beren mekanikak fintzera datorren lana da WeatherFellena: zehazki, Donkey Kong Country klasikoen ezaugarriak bereganatu ditu.
Marbles ahatea eta Checkers dortoka izango dira gure protagonistak: 40 maila gainditu beharko ditugu bikotearekin batera, denetariko oztopoei aurre eginez. Aurkezpen ederra eta koloretsua badu ere, abentura zaila dela nabarmentzen dute egileek, “berriz saiatzea ohikoa” zen garaietara itzuliko garela azpimarratuz.
Bikotea osatzen duten heroiek berezko abileziak edukiko dituzte: adibidez, Marblesekin epe laburrez planea dezakegu, eta, Checkers dortokak urrutira iristeko aukera dauka, oskoletik tiro eginez. Mekanika guztiak lehenengo mailan erakutsiko omen dizkigute; hortik aurrera, jokalarien esku dago ikasitakoaz baliatzea protagonistak etxeraino eraman ahal izateko. Zorionez, multijokalari kooperatiboarekin adiskide baten laguntza jaso dezakegu desafioak gainditzeko.
Proposamenari estreinatu aurretik heldu nahi diotenek doako demoa probatzeko aukera daukate Steam plataforman.
Windswept ofizialki euskaraz kaleratuko da azaroaren 11n PCan eta kontsoletan.
Euskaraz jokatu!
201 titulu daude egun Game Erauntsiaren euskarazko bideojokoen zerrendan. Horietako gehienak itzulpen ez-ofizialak dira, hau da, adabaki edo mod bat beharko dugu gure mintzairan jokatzeko. Hala eta guztiz ere, badira, Windswept bezala, ofizialki euskaraz dauden obrak.
Gure zerrendako bilatzaileari esker aurki ditzakegu: ‘euskaraketa’ atalean ‘ofiziala’ aukera aktibatuta, Munstro, Windowkill, Voodoo Strikers, Pile Up! Box by box, Witch It! eta Ibai Oihangurenek aldez aurretik argitaratutako Paper, Please zein Anodyne jokoak ikusiko ditugu, besteak beste.
Lander Unzueta
Iruzkinak