PCan ikusiko dugu euskaratzea. Barrel Roll Games taldearen jokoak ezkutaketan ibiltzea proposatzen digu.
Euskaratutako azken bideojokoa zale baten lana da, baina ofizialki goza dezakegu. Witch It bideojokoa lokalizatu du Katukinabarrak: sorginak eta ehiztariak bata bestearen aurka jartzen dituen obra multijokalari asimetriko dibertigarria da.
Zergatik asimetrikoa? Talde bakoitzak helburu eta ezaugarri desberdinak edukiko dituelako. Sorginen taldea ezkutatu egin beharko da, mailatik ihes egitea lortzeko helburuak betez. Horretarako sorginkeria bereziak erabil ditzakete, hori bai: kokalekuetako objektuetan itxuraldatuz aurkarien begiradengandik urrunduko dira.
Ehiztarien taldearen betebeharra sorginak harrapatzea izango da, noski. Horretarako ahuldu egin beharko dituzte bai kolpatuz, bai patatak jaurtiz, besteak beste.
Irakurritakoarekin ziur aspaldi ezaguna egin zen bideojokoa datorkizuela burura: Garry’s Mod. Era batean, antzeko proposamena da: talde bateko kideak objektuetan transformatzen ariko dira bizirauteko, kontrako taldekoek ehizatzeko armak erabiltzen dituzten bitartean.
Oinarrizko abileziez gain, talde bakoitzeko kideek bi ezaugarri berezi hautatzeko aukera daukate partida bakoitza hasi aurretik. Hegan egitea edo sorginkeria desberdinak egongo dira magia erabiltzaileen eskura; ehiztariek, bestalde, arpoiak edo oilo laguntzaileak lor ditzakete.
Modalitate arruntarekin batera Witch Iti gatza eta piperra emateko joko mota anitzak ditugu: ‘Handituz doan Jendilajea’, ‘Bete ezazu Galdara’, ‘Harrapa ezazu sorgin bat’, ‘Sorkuntza’ edo ‘Iruzurtia’ bezalako modalitateen sorta zabala aurkituko dugu jokoan.
2020an merkaturatutako titulua izan arren, arduradunek doako hainbat eguneraketa argitaratu dituzte. Hasierako hamabost kokalekuen zerrenda handitzen joan da gune berriekin; aurtengo gabonetako adabakiarekin, esaterako, jantziak eta apaingarriak inplementatu dituzte.
Katukinabarrak analisi sakona prestatu zuen orain hilabete batzuk. Hau esaten zuen bertan Witch Iti buruz:
“Ezkutaketa eta harrapaketa bezalako joko sinple baina dibertigarriari aldaera bereziren bat gehitu nahi izatekotan aukera ona eskaintzen du Witch It-ek. Lagunekin zein ezezagunekin bost minutu baino guitxiagoko jokaldi azkarrak eskaintzen ditu”.
Witch It PCan joka dezakegu. Ordenagailuetan itzulpena ofizialki inplementatuta dagoenez, ez dugu ezer berezirik egin beharko testuak aldatzeko: menu nagusian hizkuntzetara jo eta gurea hautatu!
Iruzkinak