PS5 eta Xbox Series kontsoletan zein PCan jokatu ahalko da. Ming dinastiaren arora bidaiatuko dugu deabruen zein gizakian aurka borrokatzeko.

Leenzee talde txinatarrak eta 505 Games argitaletxeak Wuchang: Fallen Feathers irrikatuaren kaleratze data ezagutzera eman dute. Uztailaren 24an argitaratuko da souls estiloko ARPG abentura.

Duela hiru urte ezagutu genuen titulua egungo belaunaldiko plataformetan estreinatuko da: PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan ikusiko dugu, baita ordenagailuetan ere.

Aspaldiko Txinara bidaiatuko dugu; XVII. mende hasieran kokatzen da istorioa, alegia, Ming dinastiaren aroko azken urteetan. Wuchang izeneko piratan bilakatuko gara: oroimena galduta, lumekin lotutako gaixotasun bati aurre egin beharko dio: munstroak eta deabruak sortuko ditu, fakzio desberdinen artean ezinegona sortuz.

Ahaztutako tenpluak, galdutako hondakinak eta bidezidor misteriotsuak zeharkatuko ditugu gure abenturan. Soulslike mekanikekin, hirugarren pertsonako ikuspegia duen akziozko bideojokoa da Wuchang: borroka zailak eta dinamikoak agintzen ditu, batez ere, buruzagien aurkako dueluetan ardaztuta.

Armategi zabala, eta hauek hobetzeko abileziak lortuko ditugula diote egileek. Gainera, erabakiek edukiko duten garrantzia nabarmendu gura izan dute: horien arabera hainbat amaiera desberdin ikusiko ditugu.

Iazko Black Myth: Wukong arrakastatsuaren ondoren, bide berbera jarraitzeko prest dago Wuchang. Ez da 2025eko obra txinatar handia izango, baina: dena ondo badoa, aurten jasoko dugu Phantom Blade Zero itxurosoa.

Wuchang: Fallen Feathers uztailaren 24an iritsiko da PS5, Xbox Series eta PC plataformetara.