Lasterketetan parte hartzeaz gain gure rally taldea kudeatu beharko dugu. Doan eskura dezakegu Android gailu mugikorretan.
Live Rally Manager lasterketa jokoa argitaratu du Donostiako Xagu Studios taldeak. Estudioaren aurreko jokoekin gertatu modura, Android mugikorretan estreinatutako bideojokoan euskara hutsean joka dezakegu.
Izenburuak adierazten duen modura, rally lasterketen kudeaketa jokoa da LRM. Gure taldea sortuz hasiko gara: izena, gidaria, koloreak eta gehiago hautatuko ditugu. Hortik abiatuta txapelketetan parte hartzen hasiko gara, baina garaipena lortzeko ezinbestekoa izango da gure elementu guztiak modu aproposean antolatzea.
Nola ez, auto desberdinak eros ditzakegu, baita hauek hobetzeko piezak eskuratu ere. Suspentsioa, motorra, balaztak, martxak eta gehiago aldatzeko aukera izango dugu. Ez hori bakarrik: gure gidarien abileziak zein trebezia areagotzeko entrenamenduak presta daitezke. Horrela euren ezaugarri desberdinak hobetuko ditugu.
Dirua beharrezkoa izango da hauek guztiak egiteko, ordea. Taldearen finantzak kontrolatu beharko ditugu, gastuak askotarikoak izango baitira. Soldatak ordaindu beharko ditugu, ingeniariak kontratatu, babesleak mantendu…
Lehiaketak hasterako orduan automatikoki jokatzea erabaki dezakegu, gidariari aginduak emanda nahi dugun estiloan gida dezan; bestela, guk geuk gidatzeko aukera dugu.
Live Rally Manager doan jaitsi dezakegu Play Store saltokitik; hala ere, iragarkiak ikusiko ditugu jokatzerakoan. iOS sistema eragilerako bertsioa ere iragarri dute Xagukoek, baina “laster” kaleratzeko asmoa agertu dute.
Simulagailuak garatzen dituzten euskaldunak
LRM ez da Xagu Studiosen lehen jokoa; izan ere, aurretik Live Cycling Manager sagan lan egindakoak dira.
Joko berriaren antzeko mekanikak eta ideiak proposatzen dituzte, baina txirrindularitza munduari lotuta. Hauetan ere gure taldea kudeatu beharko dugu, baita lasterketetan parte hartu ere.
LCM frankizia ere euskaraz goza dezakegu, bukatzeko: Game Erauntsiaren euskarazko jokoen zerrendan aurkituko dugu.
Iruzkinak