“Hodei bidezko jokoaren eraberritzea eta aukeren aniztasuna babesteko asmoz” hartu du erabakia, 68,7 mila milioi dolarretako bereganatzea geldiarazita.
Microsoftek 2022ko urtarrilean abiatutako Activision Blizzarden erosketa blokeatu du Erresuma Batuko Competition and Markets Authority-k. Erabakiarekin Xboxek eta Microsoftek bideojokoen hainbat esparrutan gehiegizko indarra eskuratzea ekidin nahi du erakunde arautzaileak.
Modu horretara, 68,7 mila milioi dolarretako bereganatzea izoztuta geratu da, oraingoz behintzat. Nazioarteko antzeko beste hainbat erakundek mota bereko erabakiak eta hausnarketak egiten dituzten bitartean, CMArenak ezustean harrapatu ditu Microsoftekoak; izan ere, Erresuma Batutik baiezkoa espero zuten Redmond-eko enpresakoek.
Hodei bidezko jokoa izan da bereganatzea galaraztearen zergati nagusia. CMAtik azaldu dutenez, erabakia “hodei bidezko jokoaren eraberritzea eta aukeren aniztasuna babesteko asmoz” hartu dute.
Xboxen eta Activision Blizzarden bat egiteak “streaming zerbitzuen bitartez joka daitezkeen tituluen egoera zein baldintzak estandarizatuko dituela” aldarrikatzen du erakundeak. Guztira, Microsoften lainoko zerbitzuek EBkoen % 60 eta % 70 bitartean hartzen dute dagoeneko.
Microsoftetik jadanik erantzun diote erabakiari. “Erosketarekin guztiz konprometituta jarraitzen dugu, eta apelazioa aurkeztuko dugu“, adierazi du Brad Smith Microsofteko presidenteak GamesIndustry agerkarian. “CMAren erabakiak konpententziari lotutako ardurak zuzentzeko bide pragmatikoa alboratzen du, eta Erresuma Batuko inbertsioaren zein garapen teknologikoaren pizgarriak kentzen ditu”.
Bobby Kotick Activision Blizzardeko lehendakaria ere mintzatu da erabakiaren inguruan: “Ez da nahi genuen berria, baina akordioaren inguruan izango dugun azken hitzetik urrun dago. Microsoftekin batera erabakia eztabaida dezakegu, eta horixe egingo dugu”.
Bitartean, baina, Activision Blizzarden jokoen esklusibotasuna mantentzen jarraitzen du Xboxek. Bethesda edo Blizzard bezalako erraldoien obra berriak Xbox kontsoletan zein PC-an soilik ikusten gabiltza, eta horrela jarraitzea espero da, behintzat, iskanbula hauek guztiak argitu arte.
Zalantzarik handiena Call of Duty frankiziarekin dago: Microsoftek otsailean Nintendo-rekin zein Nvidia-rekin hitzarmenak sinatu zituen honen esklusibotasuna zalantzan jarri eta erosketaren inguruko ezbaiak baretzeko.
Gainerakoen hautuaren zain
Erresuma Batutik ezezkoa jaso dute momentuz, baina horrek ez du esan nahi nazioarteko beste erakunde arautzaileen aldetik baiezkorik izango dutenik. Gaur egun, gutxienez, beste bi erresoluzioren zain daude Xboxeko eta Activisioneko jabeak.
Alde batetik, Europar Batzordea dago: bereganatzearen inguruko txostena maiatzaren 22an argitaratuko dutela aurreikusten da. Bestetik, AEBetako Federal Trade Comission erakundeak jarritako salaketa dugu.
Hortaz, argi dago bat egitearen kontuok luzera doazela. Erabakiak, erantzunak eta apelazioak izango dira nagusi datozen hilabeteotan.
Iruzkinak