Redmond-ekoek ez dituzte hautatutako taldeei buruzko azalpenik eskaini, ezta kaleratzeen zifrarena ere.
Arkane Austin eta Tango Gameworks taldeak itxi ditu Xboxek, besteak beste. Matt Booty Xbox Game Studios-ko arduradun nagusiak lantaldean zabaldutako barne mezuan jakinarazi du erabakia.
Mezua IGN eta Bloomberg agerkariek argitaratu dute, “egiazkoa” dela adierazita. Dishonored, Prey eta Redfall, The Evil Within edo Hi-Fi Rush sortu dituzten taldeak desagertzera eraman dituzte, modu horretara.
Bootyren arabera, erabakiak “tituluak eta baliabideak berrantolatzea” ditu helburu. “Talde batzuek berregituraketak jasango dituzten bitartean, zenbait lankidek utzi egin beharko gaituzte”, azaltzen du arduradunak.
Alpha Dog Games Mighty Doom-en egilea zein Roundhouse Games dira mezuak aipatzen dituen beste taldeeak: azken hau iragarri gabeko bideojokoa prestatzen zebilen estudioa ZeniMax Online Studios-ek bereganatuko du, eta The Elders Scrolls Online MMORPG abenturan lanean hasiko dira.
Erabakiak haserrea eta zalantzak eragin ditu. Arkane Austinen azken jokoa, Redfall, hondamen hutsa izan da, adibidez: jokoaren garapena bertan behera geratu dela aipatzen du mezuak.
Ezin daiteke gauza bera esan Tangoren Hi-Fi Rush sarituaz, ordea: ustekabean argitaratutako jokoak sekulako balorazioak jaso ditu. Orain gutxi PlayStation 5eko bertsioa kaleratu du Microsoft-ek, eta Nintendo-ren kontsoletarako —auskalo zeinentzat— port-a ere ikusiko dugu ziurrenik.
Bootyk ez ditu aipatu adierazitako estudioak ixteko zergatiak langileei helarazitako mezuan. Are gehiago, mezua bidaltzerako unean ez dira kaleratuko dituzten langileekin harremanetan jarri: “Erabakiak eragindako langileek gaur jasoko dute jakinarazpena”.
Dinga Bakaba Arkane Lyon taldeko buruak erabakiak “ikaragarriak” direla adierazi du sare sozialetan. “Hau irakurtzen duen edozein exekutiborentzat, jakin bideojokoak entretenimenduari eta kulturari zuzendutako industria direla, eta erakunde gisa egiten dituzuen negozioen muina zuon artistak zaintzea eta zuontzako baliozko sormenak garatzen laguntzea dela”.
Iruzkinak