Ordu eta erdiko ekimenean garatzaile handi zein txikien bideojokoak erakutsi dituzte: guztiak datozen hamabi hilabeteetan estreinatuko direla agindu dute.

Microsoft-ek ez du Xboxeko aurkezpen handia egiteko aukera galdu. E3 azokaren babesik gabe ekimen propioa antolatu dute aurten, ohiko izena eta egitura mantenduta. Bigarrenez, gainera, iaz bereganatutako Bethesda-rekin elkartu dira are ekitaldi handiagoa egiteko asmoarekin. Atzo arratsaldean ikusi genuen Xbox & Bethesda Games Showcase: dozenaka bideojoko bildu zituzten, bain berezko estudioenak, bai kanpokoenak.

Hori horrela, indie tituluak nahiz AAA lanak ikusteko aukera eduki genuen. Mendebaldeko garatzaileak izan ziren nagusi, noski, baina estudio japoniarrentzako lekua ere egon zen Xboxenean. Ezustekoak ere bildu zituzten: oso gutxik espero genuen Team Cherry-ren Hollow Knight: Silksong bertan agertzea berriz, adibidez. Gauza bera gertatu zen SEGA eta Atlus japoniarren Persona sagarekin ere. Are gehiago, Hideo Kojima sortzailea bere proiektu berriari buruz hitz egiteko agertu zen aurkezpenean.

Hala ere, Xboxen lanak izan ziren protagonista nagusiak. Forza Motorsport, Minecraft, Grounded eta beste asko erakusteaz gain, Bethesdakoen Starfield eta Redfall ere igaro ziren bertatik. Ekimenaren izenburuan Bethesda dagoen arren, agian Activision Blizzard ere agertu beharko litzateke: hauen jokoak izan dira, zalantzarik gabe, atzoko ekitaldiko beste protagonista batzuk. Diablo 4 zein Overwatch 2 garrantzia handiko lanak izan ziren bertan.

Nahiz eta bideojoko gehienen datak zehaztu gabe utzi, antolatzaileak argiak izan ziren: erakutsitako obra guztiak datozen hamabi hilabeteetan estreinatuko dira. Atzerapenak egon daitezkeela alboratuta, zerrenda indartsua eratu dutela aitortu beharra dago.

Besterik gabe, goazen atzo aurkeztutako titulu handienak errepasatzera:

 

Redfall

Arkane Austin (Dishonored, Prey) garatzen ari den tiro joko kooperatiboaren jokagarritasuna ikusteko aukera izan dugu. Left 4 Dead eta Borderlands ezagunen antzeko zerbait izango dela ikus daiteke; oraingoan, ordea, banpiroen aurka ariko gara AEB apokaliptiko batetik.

  • Plataformak: Xbox Series, PC
  • Generoa: Tiro jokoa
  • Garatzailea: Arkane Austin
  • Argitaratze data: 2023

 

Hollow Knight: Silksong

Kendu itzazue pailazo maskarak, hemen da azkenik. Hornet biziaren itzuleraren zain geunden, eta azkenik ez da Nintendo-ren ekimen batean eman. Trailerrean Team Cherrykoak prestatzen ari diren borroka bizkorrak, etsai nagusi ikaragarriak eta kokaleku ikusgarriak ikusi ditugu azkenik. Datarik zehaztu gabe, lehen egunetik Xbox Game Pass harpidetzan egongo dela zehaztu dute Microsoftekoek.

  • Plataformak: Xbox Series, Xbox One, Switch, PC
  • Generoa: Metroidvania
  • Garatzailea: Team Cherry
  • Argitaratze data: Zehaztu gabe

 

A Plague Tale: Requiem

Asobo Studio-koek mundu zitalean girotutako abentura jokoaren jarraipenaren bideoa erakutsi zuten. Atal grafiko ikaragarriarekin, berriz ere Amicia eta Hugo protagonisten rola hartuko dugu. Madarikazio latza, isilpea eta borrokak batuko ditu tituluak.

  • Plataformak: Xbox Series, PlayStation 5, Switch, PC
  • Generoa: Abentura
  • Garatzailea: Asobo Studio
  • Argitaratze data: 2022

 

High on Life

Rick and Morty telesail ezagunaren arduradunek eratutako Squanch Games estudioaren obra berria da hau —trailerra ikusita argi geratzen ez bada—. Espazioko abenturak, tiroketak eta umore dibertigarria zein eskatologikoa nahastuko ditu, kalitate handiko grafikoez gain.

  • Plataformak: Xbox Series, PC
  • Generoa: Lehen pertsonako tiro jokoa
  • Garatzailea: Squanch Games
  • Argitaratze data: 2022ko urria

 

Forza Motorsport

Iragarpenik desiratuenetako bat, zalantzarik gabe. Forza 7-ren porrotaren ostean, Turn 10 Studios-ekoak akats guztiak zuzentzeko asmoarekin datoz atal berriarekin. Simulazioa izango da nagusi, Horizon azpisagarengandik urrunduz, baina atal grafiko ikusgarria mantenduta. Lasterketetan ikusiko ditugun egoera desberdinak, izpien trazadura eta autoen suntsipena nabarmendu zituzten arduradunek.

  • Plataformak: Xbox Series, PC
  • Generoa: Lasterketak
  • Garatzailea: Turn 10 Studios
  • Argitaratze data: 2023ko udaberria

 

Ara: History Untold

PCrako lehenengo esklusiboarekin goaz. Ashes of the Singularity estrategia jokoaren garatzaileak Civilization sagaren antzeko tituluarekin agertu dira. Jokagarritasunari buruzko xehetasunik eman ez duten arren, Ara txandakako estrategia jokoa izango da.

  • Plataformak: PC
  • Generoa: Txandakako estrategia
  • Garatzailea: Oxide Games
  • Argitaratze data: Zehaztu gabe

 

Overwatch 2

Activision Blizzard-ekoen heroien tiro jokoaren inguruko asko erakutsi dute aurretik, baina aldaketa esanguratsuak nabarmendu zituzten atzo. Hasteko eta behin, doako formatura igaroko dira Overwatch 2n. Junker Queen heroi berria ere aurkeztu dute hemen: laster xehetasun gehiago eskainiko dituzte. Hori bai, urriaren 4an abiaraziko dute sarbide goiztiarra.

  • Plataformak: Xbox Series, Xbox One, PlayStation 5, PlayStation 4, Switch, PC
  • Generoa: Tiro jokoa
  • Garatzailea: Blizzard Entertainment
  • Argitaratze data: Urriak 4 (sarbide goiztiarrean)

 

Scorn

Beldurrezko joko ikaragarriaren argitaratze data zehaztu dute Ebb Software-koek, irudi berriak eskaintzeaz gain: urriaren 21ean jokatu ahalko dugu sarean horrenbestetan agertu den titulura.

  • Plataformak: Xbox Series, PC
  • Generoa: Beldurra
  • Garatzailea: Ebb Software
  • Argitaratze data: Urriak 21

 

Minecraft Legends

Mojang-ekoek Minecraft unibertsoan girotutako proiektu berria ezagutzera eman zuten. Minecraft Legends akziozko estrategia jokoa izango da: itxura batean Veloren eta Overlord bezalako jokoen nahasketa dirudi.

  • Plataformak: Xbox Series, Xbox One, PC
  • Generoa: Akzioa eta estrategia
  • Garatzailea: Mojang
  • Argitaratze data: 2023

 

Pentiment

Aurkezpeneko titulu berezienetakoa eta bitxienetakoa. Obsidian prestatzen ari den abentura honetan XVI. mendeko Bavariako Andreas Maler artistaren rola hartuko dugu. Abentura narratiboa izango da, garaiko iruditegia gogora ekartzen duen estetika aproposarekin.

  • Plataformak: Xbox Series, PC
  • Generoa: Abentura narratiboa
  • Garatzailea: Obsidian Entertainment
  • Argitaratze data: 2022ko azaroa

 

Grounded

Obsidianekin jarraitzen dugu, baina generoz guztiz aldatuta. Aspalditik sarbide goiztiarrean dagoen Groundeden behin betiko kaleratze data zehaztu dute azkenik: irailean argitaratuko dute, hainbat berritasun gehituta biziraupen eta esplorazio titulu kooperatibo bikainari.

  • Plataformak: Xbox Series, Xbox One, PC
  • Generoa: Biziraupena, esplorazioa
  • Garatzailea: Obsidian Entertainment
  • Argitaratze data: 2022ko iraila

 

Persona saga

Aurkezpeneko iragarpen handienetakoa. Atlusen eta SEGAren Persona saga maitatua Xboxera dator azkenik —baita PCra ere, laugarrena orain bi urte iritsi arren—. Persona 3 Portable, Persona 4 Golden eta Persona 5 Royal JRPG bikainak iragarri dituzte bi plataformotarako. Iritsiko den lehena bosgarrenaren behin betiko bertsioa izango da, urriaren 21ean.

  • Plataformak: Xbox Series, Xbox One, PC
  • Generoa: JRPG
  • Garatzailea: P-Studios, Atlus
  • Argitaratze data: 2022-10-21 (Persona 5 Royal)

 

Wo Long: Fallen Dynasty

Koei Tecmo eta Team Ninja japoniarrek txinatar girotzedun akziozko joko benetan ikusgarria ezagutzera eman zuten atzo. Nioh-rekin antzekotasun handiak ditu atal estetikoan, herrialdearen kontua alboratuta. Hack and slash erako borroka biziak eta izaki mitologiko erraldoiak agindu dituzte trailerrarekin.

  • Plataformak: Xbox Series, PC
  • Generoa: Hack and slash
  • Garatzailea: Team Ninja, Koei Tecmo
  • Argitaratze data: 2023

 

Diablo 4

ARPG frankizia maitatuko heroietako baten itzulera iragarri zuten Blizzardekoek. Nekromanteak hildakoak altxatuko ditu borroketan laguntzeko. Endgame aberatsa, pertsonaiak pertsonalizatzeko aukera zabalak eta esploratzeko mundu ilun zein erakargarria erakutsi zuten jokagarritasun trailerrean.

  • Plataformak: Xbox Series, Xbox One, PlayStation 5, PlayStation 4, PC
  • Generoa: ARPG
  • Garatzailea: Blizzard Entertainment
  • Argitaratze data: Zehaztu gabe

 

COCOON

Inside eta Limbo indie maisulanen jokagarritasun diseinatzaile nagusia bueltan da puzzle joko itxuroso honekin. Izaki bitxi baten rola hartuta munduen baitan dauden munduan esploratzea izango da gure helburu nagusia.

  • Plataformak: Xbox Series, Xbox One, PC
  • Generoa: Puzzleak
  • Garatzailea: Geometric Interactive
  • Argitaratze data: 2023

 

Hideo Kojima-ren proiektu berria

Oraindik jokoari buruzko xehetasunak emateko lasterregi da, baina Phil Spencer-ek ezin izan du isilpean mantendu. Metal Gear sagaren sortzailearekin, Hideo Kojima japoniarrarekin, akordioa adostu dute bere hurrengo bideojokoa garatzeko. Oraindik asko falta da ezer ikusteko —hamabi hilabeteetan ez da honekin aplikatuko, ziurrenik— beraz lasai hartzekoa da. Zurrumurruen arabera, Kojima Overdose izeneko beldurrezko jokoa prestatzen ari da: ikusteko dago ea akordio honen fruitua izango den.

 

Starfield

Guztiok espero genuen abentura azkenerako utzi zuten Xboxekoek. Espazioan girotutako Elder Scrolls izango da Starfield: sakontasunean erakutsi zituzten bere mekanikak eta ezaugarriak Todd Howard Bethesdaren buruak gidatutako aurkezpentxoan.

Galaxia erraldoia izango dugu esploratzeko: “1.000 planeta baino gehiago” agindu ditu Howardek. Bioma desberdinak edukiko dituzte, gainera; izotzez betetako lurraldeak, hiriak eta gehiago ikusiko ditugu. Batetik bestera bidaiatzeko gure ontzira igo beharko gara: hau pertsonalizatzeko aukera edukiko dugu, eta espazioko borroketan parte hartzen ere ibiliko gara.

Hori alboratuta, Bethesdaren ohiko abentura baten aurrean gaude. Esploratzeari, hizketaldieri eta borrokei emango diete garrantzia. Gure baseak sortzeko aukera izango dugu, Fallout 4-n ikusi bezala: baliabideak batzen ibiliko gara horretarako. Istorio sakona eta aberatsa agindu dute, eta trailerrarekin fakzioak eta pertsonaiak ezagutzen hasi gara dagoeneko.

  • Plataformak: Xbox Series, PC
  • Generoa: Abentura, akzioa
  • Garatzailea: Bethesda Game Studios
  • Argitaratze data: 2023

Xbox & Bethesda Games Showcasea ez da oraindik bukatu, zorionez: bihar bertan Extended azpititulua duen bigarren aurkezpena egingo dute. Bertan atzo erakutsitako zenbait bideojokoren jokagarritasuna erakusteari ekingo diote.

Game Erauntsian aurkezpenaren jarraipena egin genuen. Zuzeneko osoa ikusi nahi izanez gero, jarraian daukazu bideoa: