Bideojokoen arduradunei emango die hitza euren obrak erakusteko. Ez da Activision Blizzard-en titulurik egongo, baina “laster” berritasunak eskaintzeko asmoa agertu dute.

Xboxen inguruko zurrumurruak entzuten gabiltza egunotan, eta azkenean baieztatu dute. Developer_Direct aurkezpenarekin itzuliko dira urtarrilaren 18an. Ekimenean Indiana Jones, Avowed edo Senua’s Saga: Hellblade II bezalako berezko jokoak aurkeztuko dituztela aditzera eman dute.

21:00etan hasiko dute zuzenekoa; prentsa oharrean diotenez, ordubete inguruko iraupena edukiko du, 22:00etan The Elder Scrolls Online-n berritasunei zuzendutako ekimena hasiko baitute ZeniMax Online Studios taldearekin.

Indiana Jones arkeologoaren abentura berria ikusteko aukera edukiko dugu, esan bezala. MachineGames taldearen lana —besteak beste, azken Wolfenstein jokoen egileak— 2021ean iragarri zuten ofizialki, baina ordutik hona ez dugu bestelako albisterik jaso. Hamar minutuko jokagarritasun bideoa eskainiko diote Indy-ri.

Obsidian-ekoen aldetik Avowed berriro ikusiko dugu, ekaineko Xbox Games Showcase aurkezpenean lehen gameplay-a ikusi ondoren. Oxide Games taldeak, berriz, Ara: History Untold eramango du aurkezpenera: Civilization estiloko estrategia jokoa izango da —Sid Meier-en sagan lan egindako sortzaileak daude talde berrian—. Bukatzeko, Ninja Theory-ko beteranoek Senua’s Saga: Hellblade II desiratuari buruz hitz egingo dute.

Activision Blizzarden hutsunea nabarmena da, eta horri buruz mintzatu dira Xboxekoak: ez dira Developer_Directean egongo, baina “laster” euren berritasunak jasoko ditugula agindu digute.

Aipatu modura, urtarrilaren 18an 21:00etatik aurrera jarraitu ahalko da Developer_Directa. Ez dute zuzenekoaren plataformarik aipatu, baina Twitch bidez izango dela suposatzekoa da.

 

Xbox, Nintendo-n?

Aurkezpenarena egunotako zurrumurruetako bat izan da Xboxekin, baina beste bat are interesgarriagoa da. Hainbat iturrik diotenez, Microsoft-en bideojokoen atala beste plataforma batzuetara hedatuko da: zehazki, Nintendora.

Filtrazioen arabera, Sea of Thieves edo Hi-Fi Rush bezalako tituluak Nintendo Switch kontsolan —edo honen oinordekoan— merkaturatzeko asmoa dago Xboxetik. Beste iturri batzuek PlayStation 5erako port-ak aipatzen dituzte, baina ez dute Nintendokoen beste indar hartu.

Are gehiago, beste iturri batzuek otsailean Nintendo Direct-a ikusiko dugula diote —azken urteotan beti egin duten modura—; hortaz, agian aurkezpen horretan iragarriko dituzte jokook.

Erabakia Xboxen azken urteotako salmenta zifran eskasen ondorioa izango litzateke. Horrela, enpresaren bigarren mailako tituluak gainerako plataformetara eraman nahiko lituzkete, jokalariak erakartzeko asmoarekin.