Windows 11 edukiko dute oinarri, zurrumurruen arabera. Xboxen oinarrizko modeloetatik hainbat gailu mota desberdin jaiotzeko aukera aipatzen da.

Xboxen hurrengo belaunaldiko gailuei buruzko zurrumurruak areagotzen dabiltza egunotan. Windows Central agerkaritik aurreratu dutenez, kontsolen formatua guztiz alboratu gabe, etorkizuneko aparatuak mahaigaineko zein eskuko PCak izango dira.

Aspalditik gabiltza Microsoft-etik eskuko Xbox bat prestatzen dabiltzala entzuten. Iaz merkaturatutako ROG Xbox Ally-ekin hasi baino ez dira egin, eta, orain, Xboxetik etxeko gailua —aurrekoak Asus-ena dira— argitaratu nahi omen dute. Ideia berari eutsita, baina, mahaigaineko formatuan, iritsiko litzateke bigarren kontsola bat.

Windows 11 sistema eragilea oinarritzat dituzten jokatzeko PCak izango dira, hortaz: Xbox Allyekin ikusi dugunaren —baita Steam Deck-arekin, adibidez— kontzeptu berbera. Bideojokoen liburutegia zein bestelako aukerak ikusarazteko aginteentzako interfaze berezitua erabiliko da gailu berrietan, errendimendua areagotuta eta prozesuak sinplifikatuta; aldi berean, Windows ingurunera igarotzeko eta ordenagailu arrunten modura erabiltzeko aukera eskainiko dute.

Gainera, Steamek bere hardware sortarekin egin modura, helburua beste fabrikatzaile batzuei gauza bera egiteko xaxatzea izango litzateke; hau da, Xbox gailu ofizialekin batera software berbera erabiltzen duten AMD, Asus edo Lenovo —ideia bat egitearren— enpresei euren hardwarea sortzeko eragitea, Xbox ekosistema are gehiago zabalduz, jokatzeko Windows daramaten mahaiganeko zein eskuko gailuekin. Azken hilabeteetan sustatutako edozein gailu mota Xbox bat izan daitekeenaren ideiarekin jarraitzea, alegia.

 

Datorren urterako?

Kaleratze urtea ere utzi digute AMDtik: Lisa Su arduradun nagusiak adierazi duenagatik, “AMDren txipa eramango duen belaunaldi berriko Xboxaren garapena bide onetik doa 2027ko merkaturatzerako”. Iturri ofiziala den arren, Xboxetik ezustekoa hartu omen dute Suren adierazpenengatik; hortaz, 2027rako helburua izan dezaketen arren, beranduago ere irits daitekeela pentsatu beharko dugu.

Epic Games-etik ere mintzatu dira Xboxen gailu sorta berriaren inguruan. Steve Allison Epic Games Store saltokiko arduradun nagusiak euren plataforma Xbox berrietan lehen egunetik eskainiko dutela ziurtatu du. Modu batera edo bestera, ordenagailuko plataforma desberdinak Microsoften gailuetan egongo direla pentsa dezakegu: guztiak iritsiko ote diren jakin beharko, tartean Steam eta GOG baitaude.

Horren haritik datoz Xbox Game Pass harpidetza zerbitzuari lotutako datu berriak. Tom Warren kazetariaren arabera, hirugarrenen plataforma gehiago gaineratzeko asmoarekin dabiltza Xboxekoak: gaur egun Ubisoft edo EA enpresen zerbitzuak kokatzen dira Game Pass barnean. Are gehiago, Xbox zein PC Game Pass harpidetzak bateratzeko asmoa aipatzen da.

Prezioa izango da gakoa. RAM memoriaren eta biltegiratzeen krisiak ez dio erraz jarriko Xboxi —Valve-tik larri eta estu dabiltza Steam Machine zein Frame gailuak argitaratzeko—; are gehiago, azkenaldiko zurrumurruek mahaigaineko gailu benetan indartsua prestatzen dabiltzala adierazten dute.

Xboxen hardware salmentek behera egin dute azken hilabeteotan. Hala moduzko erabakiek, prezio igoerek eta multiplataforma egiturak gogor eragin diete Microsoften kontsolei; hori horrela, ez da harritzekoa izango eredu berri batera igarotzea.