Harpidedunen % 37,48 hazi da harpidetza zerbitzua azken urtean. Oraindik ez dute erabiltzaileen kopurua zehaztu.
Bideojokalarien artean gero eta arrakasta handiagoa edukitzen dabil Xbox Game Pass: harpidetza zerbitzuak ehundaka joko biltzen ditu, eta asko dira bere abantailengatik erakarrita sentitzen direnak. Hala ere, Microsofteko arduradunek aurreikusitako urte arteko helburuak eta zifrak bete gabe geratu direla dirudi.
Axios agerkariak bildutako arabera, 2020ko ekainaren 30etik 2021eko ekainaren 30 bitarteko urte fiskalerako harpidedunen kopuruak % 47,79ko hazkundea edukitzea aurreikusten zuten Xbox markako jabeek. Asko hurreratu diren arren, % 37,48 batean geratu da zifra hori, aurreko zerga urtean lortutako % 85,75eko hazkundetik urrun. Izan ere, iaz markatutako helburua % 71koa zen.
Game Passaren harpidedunen kopuru zehatza ezagutzera eman gabe jarraitzen dute Microsoftekoek. Txostenean adierazten dutenez, “lehiakortasun arrazoiengatik helburuak eta emaitzak urtetik urterako hazkunde aurreikuspenen terminoetan soilik agertzen dira”.
Baieztatutako azken erabiltzaileen zifra 18 milioikoa da: 2021eko urtarrilean zehaztu zuten. Halere, orain gutxi Strauss Zelnick Take-Two enpresaren zuzendari exekutiboak adierazi zuenez, egun 30 milioi harpidedun ditu bideo-jokoen zerbitzuak. Phil Spencer Xboxeko arduradun nagusiak ez zuen Zelnicken adierazitakoa gezurtatu, beraz ikusteko dago Axiosek eskainitako informazioa zuzena den.
Iruzkinak