Arduradunak harro agertu dira zerbitzuaren arrakastagatik: are jokalari gehiagorengana iristeko baliogarria izan dela azpimarratu dute GDC azokan.
Ez da inolakoa sekretua Xboxen egungo zerbitzurik edo ezaugarririk arrakastatsuena Game Pass harpidetza dela. Plataforma honen bidez harpidedunek bideojokoen eskaintza zabala eskuratzeko aukera dute, bai Xbox kontsoletan, bai PC-an. Horren inguruan hitz egin dute Microsoft-eko arduradunek: azpimarratzen dutenez, Game Passeko erabiltzaileek gehiago jokatzen dute, eta aldi berean joko gehiago erosten dituzte.
Phil Spencer Xboxeko arduradun nagusia eta Sarah Bond Xbox ekosistemaren zuzendaria garatzaileei zuzendutako GDC azokan izan dira solasaldi luzean parte hartzen. Aurreko datuetara itzulita, jokalariek probatzen dituzten tituluen kopurua % 40 hazi da, eta % 30 areagotu da titulu horietako generoen aniztasuna.
Erabiltzaileek bideojokoetan inbertitzen duten diru kopurua % 50 handitu da gainera. Datuak are zehatzago eskainita, % 60 bideojoko gehiago erosten dituzte, eta % 40 eduki gehigarri gehiago.
Garatzaile independenteengan edukitako eragina ere nabarmendu nahi izan dute Xboxekoek; izan ere, indie estudioen etekinak % 300 areagotu dira Game Passari esker.
Zifra benetan esanguratsuak Xboxekoen zerbitzuarentzat. Orain arte erabiltzaile kopuruaren berri izatera ohituta egon bagara ere —irailean 30 milioi harpidedunak gainditu zituztela entzun genuen—, jokalarien joerak aldatzeko duen gaitasuna nabarmena da.
Hala ere, Spencerrek argi dauka: Game Passa jarraitu beharreko negozio ereduetako bat baino ez da. Garatzaileei eta jokalariei entzuteko nahia agertu du arduradun nagusiak. “Negozio ereduetako aniztasunean datza gakoa.
Bideojokoen industriaren indarra eredu horien aniztasunetik eta indarretik datorrela uste dut. Xboxen garatzaileek eskatzen dizkiguten ereduak jorratu eta horiek sustatzeko lanean dihardugu urtero experientzia berriak ikusi ahal izateko”.
Iruzkinak