Kontsolek, PCak eta mugikorrek azarotik aurrera erabiliko duten menua izango da.
“Xboxen esperientzia berria” nabarmendu dute Microsoftekoek markaren blogean. Xbox Series Xk, Xbox Onek, PCko Xbox programak eta mugikorretarako aplikazioak interfaze berria edukiko dute, eta ekarriko dituzten berritasunak aipatu dituzte arduradunek.
Jokoen belaunaldi berrirako hardware zein software ekosistema eratzea izan da Microsoften helburuetako bat. Ekosistema horren barnean Xbox markako zerbitzuak erabiliko dituzten gailu ezberdinen erabiltzaileek esperientzia berbera edukitzea nahi dute Redmondekoek.
Interfaze eraberrituak orain arte ikusitakoarekin antzekotasun handiak mantentzen dituen arren, han-hemenka hainbat aldaketa ikus daitezke.
Eraginkortasun eta bizkortasun aldetik hobekuntzak datozela ere nabarmendu dute arduradunek: kontsolen kasuan hasierako pantailaren karga denbora %50 batean bizkortuko dela azaldu dute; jokoetatik menura igarotzeko denbora %30ean arindu dute. Bestalde, memoriaren erabilera %40an murriztuko da.
Mugikorrentzako aplikazioa ere nabarmendu dute. Garatzaileen asmoa mugikorretik jokalarien arteko harremanak arintzea da: bertatik mezuak bidali edota taldeak eratu ahalko dira. Kontsolan bideo bat grabatzerakoan hori mugikorretik zuzenean partekatzeko aukera emango dute, jokoa geldiarazi gabe.
Interfazearen esperientzia berriztatua Xbox Series X argitaratzen denean iritsiko da gailu guztietara. Azaroan ikusiko ditugu beraz berritasun guztiak.
Iruzkinak