Errendimendu hobekuntzak eta bestelako ezaugarriak inplementatu ditu Wiseguy garatzaileak.
N64: Recompiled proiektuaren baitan iaz estreinatutako Zelda 64: Recompiled tresnak 1.2 gaurkotzea jaso du. Berritasunen artean, mod eraldatzeak inplementatzeko euskarria gaineratu dio Wiseguy sortzaileak.
Arkuarekin eta bestelakoekin lehen pertsonako ikuspegian apuntatzen gabiltzala mugitzea, marrazte distantziaren mugak ezabatzea, Epona zaldiaren kontrolak aldatzea, maskarak azkarrago janztea edo 8K bereizmeneko mapa dinamiko eraberritua proba ditzakegu, oraingoz, bertsio berrian.
Eraldatzeak ez dira horren hobekuntza ‘xumeetara’ mugatzen, baina: erokerien artean, Super Mario 64ko iturginarekin eta bere mugimendu sortarekin joka dezakegu, eta DOOM originalaren port-a proba dezake Link-ek, esaterako. Mod guztiak webgune honetan aurki daitezke.
The Legend of Zelda: Majora’s Mask maitatua birkonpilazio estatikoaren bidez C hizkuntzara itzultzea ahalbidetzen du Recompiled proiektuak; hau da, beste gailuetarako modu errazean eta azkarrean moldatzeko erreminta da.
N64ko klasikoan Windows edo GNU/Linux sistema eragileetan natiboki jokatzeko bidea eskaintzearekin batera, askotariko hobekuntzak gehitzen dizkio Zelda 64: Recompiledek. Lehen bertsioetan kamera askea, giro kontrolak, pantaila zabalentzako euskarria edo areagotutako segundoko irudien tasa ikusi genituen, adibidez.
1.2 eguneratzean, bestalde, errendimendua areagotzeko lanetan aritu da Wiseguy. Murriztutako karga denborak ere ikusiko ditugu, baita testurak aldatzeko zein hobetzeko tresnak ere. Sistema eragile berrian ere abiarazi dezakegu MM: MacOS-entzako euskarri ofiziala gehitu du proiektuak.
Aipatutako berrikuntza guztiak N64: Recompiledera gehituko ditu etorkizunean, Nintendo 64ko beste bideojoko batzuen birkonpilazioetan gauza bera egitea ahalbidetuz: Super Smash Bros, Kirby and the Crystal Shards, Banjo-Kazooie, eta, noski, The Legend of Zelda: Ocarina of Time prestatzen dabiltza dagoeneko. Mystical Ninja Starring Goemon-en PCrako bertsioak iaz kaleratu zituzten.
N64: Recomp proiektua hazten doan heinean are bideojoko klasiko gehiagoren portak ikusiko ditugu, zalantzarik gabe, tresna honi esker.
Zelda 64: Recompen 1.2 bertsioa Wiseguyren Github orrialdetik jaitsi dezakegu Windows, GNU/Linux nahiz MacOS sistema eragileetarako.
Iruzkinak