Bazen behin, Hyrule izeneko urrutiko lurralde batean,  botere guztien jatorria zen erlikia magiko bat: Triforce triangelua, bi zatitan banatua. Mundua konkistatu nahian, Ganon Iluntasunaren Printzeak altxor hau desiratzen zuen; eta lehenengo puska lortu ere egin zuen, hots, Boterearen Triforcea. Bahitua izan aurretik Zeldak, Hyruleren printzesak, Jakituriaren Triforcea lurraldean zehar ezkutatzea lortu zuen. Zu, jokalari, Link zara; eta misio bikoitza duzu: Triforcea osatzea eta printzesa askatzea.

Prest zaude Zeldaren kondaira berriro entzuteko… eta euskaraz, oraingoan?

Hona hemen Game Erauntsia itzultzaile taldearen proiektu berria, garaiz “The Legend of Zelda” sagaren 30. urteurrena ospatzeko! Izan ere, 1986. urtean Famicom Disk System sisteman argitaratu zuen Nintendok Linken abenturen lehenengo atala, aurten geuk euskaratu duguna. Euskal Herrira urte bat beranduago heldu zitzaigun, NES kontsolaren kartutxo bihurtua, eta ingelesez egon arren, bat-bateko arrakasta lortu zuen. Oso berezia zen bideojoko hura, bere urre koloreko karkasak eta gehitutako mapek aditzera ematen zuten moduan.

Alabaina, lortuko zukeen eragina gutxitua geratu zen, hizkuntzaren arazoa zela eta. Horrexegatik, hain zuzen ere, adabaki honen bidez nolabaiteko omenaldi egin eta merezitakoa bueltatu nahi diogu jokoari.

Partxea hemen klikatuz deskarga dezakezue .ips formatuan dago, eta ROM amerikarraren fitxategiaren PRG1 bertsioarako diseinatuta dago [The Legend of Zelda ( U ) (PRG1)].

Txaplata aplikatzeko programa txiki bat beharko duzu, hala nola Windows-en Lunar IPS edo Unix-erako Lazy IPS. Jokoa NES kontsolaren emuladoreetan exekutatzen da.

Hyruleren patua zure esku dago, Link!

OHAR GARRANTZITSUA: Partxea BETA egoeran argitaratzea erabaki dugu. Honek zera esan nahi du:

  • Soilik pertsonaien testuak daude euskaratuta. Sarrera, amaiera eta interfazea itzultzeko programazio sakonagoa beharko dugu, eta momentuz ez dugu lortu.
  • Ezin izan dugu joko osoa probatu, beraz, akatsak egon daitezke. Zerbait topatuz gero, mesedez jakinarazi albiste honetan bertan.