Haurgunean batuko gara 16:30etik aurrera Askabide Kultur Elkartearekin Gamer Gela eskaintzeko.

Aisialdian euskaraz aritzeko hainbat bide daude, eta horietako bat dira, hain zuzen ere, bideojokoak. Euskaraz goza daitezkeen tituluak ezagutzera emateko eta zaletasun honetan gure hizkuntzan aritu daitekeela erakusteko Zorrotzako Korrika Kulturalean parte hartuko du Game Erauntsia Elkarteak etzi, apirilaren 2an.

Askabide Kultur Elkartearekin elkarlanean, Gamer Gelarekin eskainiko dugu aukera hau. Haurrei zein gaztetxoei zuzendutako ekintza hau euskarazko bideojokoen erakustaldi praktikoa da: azken urteetan gure hizkuntzan kaleratutako edo merkaturatu ostean lokalizatutako lanak bilduko ditugu, etxeko txikienei aisialdi digitalean maite dugun hizkuntzan egiteko aukera dagoela erakusteko.

16:30ean hasiko dugu Gamer Gela Fray Juan Kaleko Haurgunean. Bertan zenbait PC eta Raspberry gailu edukiko ditugu ondo pasatzeko, eta, aldi berean, gure zaletasunaz gozatu ahal izateko Korrikak ekartzen duen giro berezi horretan.

Ez da halako ekintza Korrikaren baitan egiten dugun lehen aldia. 2017an Portugaleteko Korrika Kulturalean izan ginen gauza bera egiten; hala ere, ordutik hona euskarazko bideojokoen zerrenda zeharo areagotu dela nabarmendu beharra dugu. Beraz, ordu hartan ikusitakoak eta askoz gehiago izango dira aurtengo Gamer Gelan.

 

Korrika, ingurune digitalean ere bai

Horrez gain, AEK-rekin batera Korrika birtuala prestatu genuen joan den ostiralean HitzEkin leloarekin bat egiteko. Minecraft-en komunitatearekin auzolanean eratu genuen Euskal Herriko mapa birtuala zeharkatzeari ekin genion ingurune digitalean euskara zabaltzeko.

Bilbotik bazabiltzate anima zaitezte Zorrotzatik pasatzera batzen gaituen mundu honetaz euskaraz gozatzeko!