Moonatic Studioseko iruindarrak eta Fsix Gameseko bilbotarrak PlayStation Talents baitan ari dira beraien lanak prestatzen.
Itadaki Smash, The Five Covens edota Waves Out! bezalako lanen ondoren, PlayStation Talents Games Camp egitasmoak euskal garatzaileak bultzatzen jarraitzen du. Iruñako eta Bilboko bi estudioren txanda iritsi da oraingoan: One Last Breath eta Rivalia: Dungeon Raiders garatzen ari dira Moonatic Studios eta Fsix Games, hurrenez hurren.
PS Talentsen baitan prestatzen ari diren proiektuen trailerrak erakusteko eta hauek ezagutzera emateko antolatu zuten PlayStationekoek The Moment izeneko aurkezpena.
One Last Breath etorkizun ilun batean girotuta dago: natura indarra galtzen ari den une batean honen pertsonifikazioaren kontrola hartuko dute jokalariek “bizi nahi duen baina hiltzen dagoen munduari aurre egiteko”. 2.5 dimentsioko plataforma eta puzzle abentura proposatzen du estudio iruindarrak.
Bilbotarrek proposamen nahiko desberdina dute eskuen artean. Rivalia: Dungeon Raiders girotze klasikodun akziozko RPG abentura koloretsua izango da. Lau abenturazaleren kontrola hartuko du jokalariak: horien artean aldatuz joango da prozeduralki eratutako ziegak gainditzeko.
Zaldun indartsua, deabru ezpataria, bidelapur harroa eta sorgin boteretsua izango dira abenturaren protagonistak. Bakoitzak ahalmen eta eraso propioak erabili ahal izango ditu eskeleto, deabru eta dragoiei aurre egiteko.
Bi proiektuak 2021eko PlayStation Talents Games Camp egitasmoan hautatutako lanak izan ziren. Une honetan ekimenak Bilbon duen egoitzan prestatzen ari dira beraien lanak PlayStationek eskainitako aholkularitza eta laguntzekin.
Arduradunek ez dute zehaztu zein plataformetan kaleratuko dituzten One Last Breath eta Rivalia: Dungeon Raiders; PlayStation kontsoletarako argitaratzea baieztatuta dagoen arren, are plataforma gehiagotarako merkaturatzeko aukera edukiko dute. Argitaratze data ere zehaztu gabe dago bi jokoen kasuan.
Iruzkinak (1)
Irular Eskisabel 2021ko eka. 1a, 20:56
Nire iritziz, izugarrizko lan ederrak dira hauek. Irteten direnean zuzenean jokatzeko irrikitan nago.
Bigarren jokoari, ordea. Nire gustokoa izateko aurkari geihago eta grafiko hobeak falta zaizkio.
Lehen jokoari berriz grafikoak.
Oso gustora nago euskal herrian bideojokoak sortzea posible dela erakutsiko delako bideojoko hauekin.