PC-ra eta gailu mugikorretara iritsiko da TLR Games estudioaren lan berria. Puzzleak eta sormena izango dira bere ardatzak.

Bilboko TLR Games estudioak hurrengo lanaren argitaratze data zehaztu du: IDEA interesgarria 2023ko urtarrilean merkaturatuko du Arturo Monedero garatzaileak gidatutako taldeak.

Gure blogean pare bat aldiz hitz egin dugu IDEAri buruz; ez da gutxiagorako, proposatzen duena benetan berezia eta bitxia baita. Puzzleak eta sormena dira tituluaren zutabeak: norbere ideiak irudikatuko dituen bonbila gidatzea izango da jokalarien betebehar nagusia.

Bonbila hau 4K bereizmeneko paisaietatik zehar eramango dugu: Olli Huttunen zinemagileak zerutik ateratako irudi hauetan mundu errealeko auzoak, errepideak, trenbideak, biltegiak eta gehiago zeharkatuko ditugu.

Gure ideia hori paisaietatik saltoka zein erreboteka ariko da. Batzuetan, baina, trabatuta geratuko da: agian, errepidetik pasatzen den auto batek joko du, atzera bidaliz. Jokalariok oztopoak ezabatzeko ahalmena edukiko dugu; irudi bakoitzean birritan erabili ahalko dugu aukera hau.

Bonbila geldi geratzen denean, partida bukatuko da. Horrek ez du esan nahi galdu dugunik, ezta pentsatu ere: idatzitako ideiaren bidaia hor etengo den arren, beste jokalariek ikusi ahal izango dute. Ideia horietan bertsoak, abestiak, hausnarketak, edo, orokorrean, burutik pasatzen zaiguna idazteko proposatzen dute sortzaile bilbotarrek. Guk geuk ere beste jokalariek utzitako ideiak ikusiko ditugu, kutsu elkarreragilea eta komunitarioa eskainita.

IDEA PCrako iragarri zuten garatzaileek: Steam bidez estreinatuko da ordenagailuetan. Hala ere, gailu mugikorretara ere helduko dela baieztatu dute TLR Gamesekoek; izan ere, Android nahiz iOS sistema eragileetan jokatu ahalko da Google Play zein App Store saltokien bidez.

Arestian aipatu bezala, IDEA datorren urteko urtarrilean argitaratuko da.