Abenduaren 9an Game Erauntsia eta Rolariak elkarteak Kabia gunean bilduko gara gure zaletasunak azokara hurreratzen diren gazteekin zein helduekin partekatzeko.

Durangoko Azoka hemen da jada: abenduaren 7tik 11ra bitartean itzuliko da 57. euskal liburu eta disko azoka. Azken urteetan Game Erauntsia bertan izan da, eta aurten berriz errepikatuko dugu: euskarazko bideojokoak ezagutzera emateko Gamer Gela berezia eskainiko dugu bertan.

Abenduaren 9an Kabia Digitalean bilduko gara: azokako areto nagusian, hain zuzen ere. 10:30ean abiatuko dugu ekimena, eta azokako ateak itxi arte egongo gara bertan.

Gamer Gela euskarazko bideojokoen erakustaldia da. Game Erauntsia Elkartean gure mintzaira zein bideojokoak elkartzeko bideari ekin genion 2014. urtean. Ordutik hona, zorionez, euskaraz goza daitezkeen obreen kopurua nabarmen hazi da: gaur egun euskaratutako 100 titulu baino gehiago ditugu gure zerrendan.

Horietako asko probatzeko aukera egongo da Durangon; besteak beste, Minecraft, Pile Up! Box by box, Super Mario 64, Stepmania 5, Hollow Knight, Outer Wilds, Kopanito All-Stars Soccer, Aragami 2, Keep Talking and Nobody Explodes, Super Mario Bros edo Clone Hero eskainiko ditugu gure hizkuntzan.

Ostiraleko egitarauean askoz ekimen gehiagoz gozatzeko aukera egongo da, baina. Izan ere, euskal bideojokoak ezagutzeko tartea ere eskainiko dugu. Lehena, iazko Durangoko Azokako IV. Sormen Bekaren irabazlea izan zen Barraka: Ibai Aizpurua garatzaileak bere bideojoko berria aurkeztuz emango dio hasiera Gamer Gelari.

Bigarrenik, Moonatic Studios nafarreko Eneko Zubiaurre izango da gurean. Datorren urtean kaleratuko den One Last Breath ikusgarria iragarriko du: Inside edo Limbo maisulanetan oinarritutako esplorazio abentura prestatzen dabiltza PC-rako eta kontsola nagusietarako.

Azkenik, irudimena sustatzea helburu duen Kokojokoak tituluko Eider Eibar ilustratzaileak bere lana aurkeztuko du. Marraztuz jolastea da gailu mugikorretan joka daitekeen obra eder honen helburua; halere, pantaila itzali ondoren etxeko txikienei marrazten eta sortzen jarraitzeko gogoak piztea da bilatzen dena.

 

Bideojokoak… eta mahaijokoak!

Aurtengo Gamer Gela, baina, ez da Game Erauntsiarena bakarrik izango. Gurekin batera egongo dira Rolariak komunitateko kideak: euskal rolariek mahaijokorik interesgarrienak bilduko dituzte bertan. Horrez gain, Rola euskaraz. Zer? Nola? Zergatik? mahaingurua eskainiko dute arratsaldean.

Rolaren munduan nahiz bideojokoenean euskaraz aritzeko hautua egin dugunon aldetik, gure hizkuntzan zaletasun hauez guztiez gozatzeko aukera dagoela jakitera emango dugu.

Hori dela eta, ez galdu aukera hau eta etorri gu ezagutzera! Ederra izango da beste behin Durangoko Azoka irekian biltzea eta elkarrekin egotea. Jarraian duzu abenduaren 9rako prestatu ditugun jarduera guztien ordutegia.

 

Egitaraua

Abenduak 9 – Durangoko Azokako Areto Nagusian

  • 10:30 – Barraka bideojokoaren aurkezpena Ibai Aizpuruaren eskutik
  • 11:00 – Gamer Gela: euskarazko bideojokoen erakustaldia
  • 11:30 – Euskal bideojoko sortzaileak ezagutzen
    • Ibai Aizpurua – Barraka
    • Eneko Zubiarre – One Last Breath
    • Eider Eibar – Kokojokoak
  • 14:00 – Bazkaltzeko atsedenaldia
  • 16:30 – Gamer Gela: euskarazko bideojokoen erakustaldia
  • 17:30 – Rola euskaraz. Zer? Nola? Zergatik? hitzaldia Rolariaken eskutik
  • 19:30 – Itxiera