Euskaraz joka dezakegu. Switch eta Xbox kontsoletan ere kaleratuko da etorkizunean.
Ainhoa gaztearen magiaz betetako abenturak PlayStation 5 eta PlayStation 4 kontsoletara zein PCko Steam saltokira iritsiko dira: Zomorro Studio irundarrak, Dojo System argitaletxearen laguntzarekin, Barraka eraman du Sony-ren zein Valve-n plataformetara.
Sorgindutako barraken gunea esploratzea eta zeharkatzea izango da Ainhoaren betebeharra. Amari txurroen postuarekin laguntzen dio herri desberdinetako festetan. Barrakazalea da bera; hori horrela, postu ezezaguna ikusterakoan ezingo dio eutsi probatzeko gogoari. Tranpa izango da, baina: sorgin gaiztoa askatuko du nahi gabe, barraken gunea madarikatuz.
Postutik postura ariko gara gure protagonistarekin: zirkua, mamu etxea eta bestelakoak aurkitu ditu neska gazteak. Aurrera egiteko puzzleak gaindituko ditugu: objektu desberdinak erabiliz zein ingurunea arakatuz lortuko dugu aurrera egitea. Kontuz ibili beharko gara, hori bai: pailazo maltzurrek, mamuek, edo kaktus landareek oztopoak baino ez dizkigute jarriko.
Puzzleekin batera akziorako tartetxoa ere eskainiko digu Barrakak: autotxokearen edo hegazkinaren gainean atal berezietan parte har dezakegu.
Ibai Aizpurua garatzaileak eratutako atal estetiko berezia aipatu beharra dago, gainera: plastilinaz osatutako claymation estiloko grafikoak prestatu ditu, abenturari kutsu xarmagarria eskainiz. Irundarraren ohiko soinu efektu nahiz doinu dibertigarriek bisitatuko dugun mundu berezia alaitzeko balioko dute.
Bukatzeko, garrantzitsuena: guztiz euskaratuta joka dezakegu, ofizialki, aipatutako plataformetan. Esan bezala, Barraka PlayStation kontsoletara iritsiko da, baita Steam saltokian estreinatuko ere.
Etorkizunean, gainera, Nintendo Switch zein Xbox bertsioak kaleratuko dituztela iragarri du Dojo System argitaletxeak.
Irunen ereindako eta Durangon hazitako proiektua
Izan ere, Barraka Durangoko Azokako IV. Sormen Bekari esker gauzatu zuen Aizpuruak. 2021ean lortutako dirulaguntzarekin urtebeteko epean garatu zuen proiektua, 2022ko abenduaren 9an Android mugikorretan zein PCko itch.io saltokian kaleratzeko —bertsio hauek dagoeneko kendu egin dituzte—.
Sortzaileak “parke tematikoak oso gustuko” zituenez, hauen inguruko informazioa biltzen hasi zen, esplorazio jokoa prestatu nahi zuela argi edukita, 2021ean Game Erauntsiak egindako elkarrizketan aitortu zuenez: “Beti iruditu zait barrakak tematikoki oso interesgarriak direla, bai bisualki zein soinu aldetik: barrakek dauzkaten zarata xelebre horiek, janaria… Orduan, hortik etorri da ideia”.
Elkarrizketa hartan Aizpuruak ez zuen jokoa Steamen edo kontsoletan egoteko aukerarik ikusten; agerikoa da egindako lanak bere fruituak eman dituela, eta azkenik indie argitaletxe baten begirada erakartzea lortu duela titulua plataforma gehiagotara eraman ahal izateko.
Guillotine metroidvania abentura, hurrengo erronka
Barraka mundu osoan hedatu ondoren, euskal munduarekin harremana duen aspaldiko proiektuarekin jarraitzeko asmoa dauka Zomorro Studiok: euskal mitologia metroidvania estiloko jokoekin batuko duen Guillotine bereziarekin, hain zuzen ere.
Aspalditik ezagutzen dugun bideojokoa da: 2021ean hitz egin genuen bere inguruan lehen aldiz, eta euskaratutako prototipoa aurkeztu zigun Aizpuruak Jokoteknia Euskal Bideojokoen 5. Jardunaldian.
Gaur egun lanean jarraitzen du irundarrak; halere, oraindik behin betiko bertsioan jokatzeko itxaron egin beharko dugu.
Iruzkinak (1)
Ibai Aizpurua 2024ko uzt. 10a, 13:44
Mila esker Lander!!!!