Aurten betetzen da Sonic trikuaren 25. urteurrena. Bideojokozale guztiek ezagutzen dute Segaren maskota hau: kriston abiaduran korrika egiten duen triku urdin bat. Triku honek Eggman doktoreak bere robotekin egin nahi dituen plan maltzurrak zapuzten ditu.

Segak 1991an sortu zuen Sonic, bere maskota. Maskota hau sortzearen helburua garai horietan Nintendok bideojokoetan zuen monopolioarekin amaitzea zen, eta lortu zuten: Sonic trikua Mario bezain ezaguna egin baitzen mundu mailan.

Triku honen lehenengo jokoa Sonic the Hedgehog plataformazko jokoa da, Mega Drive kontsolarako. Joko honen arrakastaren ondoren beste hainbat joko etorri ziren jarraian: Sonic 2, Sonic 3, Sonic & Knuckles eta Sonic CD.

Zoritxarrez arrakastak ez zuen asko iraun. Segak arazo handiak eduki zituen bere maskota 3 dimentsiotara moldatzeko. Sonic 3D Blast jokoak (Mega Drive) kritika txarrak jaso zituen, hori dela eta Saturn kontsolarako ez zen inoiz trikuaren jokorik kaleratu. Zorionez, Dreamcast kontsolarako kalitatezko lehenengo 3D jokoa iritsi zen: Sonic Adventure. Erabiltzaile eta prentsaren aldetik kritika onak jaso ondoren, trikuak bideojokoetan zuen tokia berreskuratu zuen. Joko honek jarraipen bat ere eduki zuen: Sonic Adventure 2. Nahiz eta joko hauen kalitatea altua izan, trikuaren diseinu berria ez zen denon gustukoa izan.

Dreamcast kontsolaren salmenta txarrak eta Segaren arazo ekonomikoengatik, enpresa honek kontsolen merkatua alde batera utzi behar izan zuen eta konpetentziako kontsoletarako jokoak egiten hasi zen. Hor ditugu Sonic Heroes eta Shadow the Hedgehog jokoak, baina joko hauek jasotako kritikak eskasak izan ziren.

Gainbehera berriz ere bazetorrela ikusita, 15. urteurrena ospatzeko berrasieratze bat prestatu zuen Segak. Joko berri honen izena Sonic the Hedgehog izan zen, lehenengo jokoaren izen berdina edukiz. Jokoan grafiko errealistak erabili zituzten, baita trikuaren diseinu berri bat ere. Zoritxarrez, jokoa ez zen garaiz amaituta egon urteurrenaren ospakizunerako, eta ondorioz bukatu gabe kaleratu zen. Espero bezala, kritika latzak jaso zituen.

Egindako kaltea konpontzeko asmoz, Segak trikuaren aurreko jokoetako gauza onak berreskuratzen saiatu zen hurrengo jokorako. Sonic Unleashed jokoan 3D eta 2Den arteko nahasketa bat dugu, eta berriz ere trikuaren diseinu berri bat. Joko honek ez zituen kritika gogorrak jaso, baina oraindik akats batzuk zituen. Behin akats hauek konponduta, bi maisulanekin gozatu ahal izan genuen: Sonic Colours jokoa batetik; eta 20. urteurrena ospatzeko Sonic Generations bestetik.

Zoritxarrez, ondoren ateratako jokoak ez dira onak izan. Sonic Lost World jokoak kritika makalak jaso zituen, eta Sonic Boom jokoak oso txarrak. Aurten 25. urteurrena ospatzeko joko bat dago bidean, baina oraindik ez dakigu ezer honi buruz. Merezi duen urteurrena ospatzeko joko duin bat izango al da? Hala berriro ere joko txar baten aurrean egongo al gara? Aste santuaren aurretik honen berri izatea espero dugu.

OHARRA: Deia egunkariko Ortzadar aldizkarirako idatzitako artikulua