Azpitituluak.com-eko lagunek esan ziguten beraien artxiboan Star Wars sagaren jokoren baten itzulpenak bazeuzkatela: 2009. urtean FHarlock erabiltzaileak igotako fitxategi bat da. Inork probatzeke omen zegoen eta agian joko hori ere itzulita egongo omen zela.

Jokoa 2003an argitaratu zen Star Wars Knights of the Old Republic da eta gaur egun Steam bideojokoen dendan 10€ren truke eros daiteke. Audioa ingelesez, frantsesez eta alemaniarrez bakarrik dauka baina, azpitituluak erabiltzen ditu jokoaren elkarrizketak erakusteko.

KOTOR (Knights of the Old Republic) bezala ezaguna den joko hau instalatu, itzulpen fitxategia ordezkatu eta hona lortu dugun emaitza:

Nabigazio interfazearen atal batzuk eta zenbait elkarrizketa itzulita daude. Baina, badirudi proba bat besterik ez zela izan. Erabiltzaile honek, honelako joko modernoak erraz itzul zitezkeela frogatzeko besterik ez zuela egin lan hau. Gerora gehixeago aztertu dugu fitxategia eta ia 50.000 itzulpen lerro ditu (horietatik asko hutsak, baina hala ere ikaragarri pila dira). Ezin izan dugu horietatik euskaraz zenbat dauden kalkulatu baina lehen begiratuan itzultzeko asko dagoela ikusten da...

Hona hemen itzulpen fitxategia aplikazio batekin ireki ostean ikusten dena:

Hasierako gure euforia beraz, pixka bat lausotu egin da... Oso joko gustokoa baita gure artean eta berau euskaraz edukitzea ikaragarria izango bailitzateke. Hala baina, lehen esan bezala, lan handia dago aurretik. Itzulpen fitxategia guztion eskura jarri dugu gure artxiboan nahi duenak probatu eta nahi duenak ekarpen berriak egiteko. Behin jokoa instalatuta daukazunean dialog.tlk fitxategia ordezkatzea besterik ez da egin behar.

Ea ba laster retro joko zaharrez gain honelako joko modernoagoak ere euskaraz gozatzeko aukera daukagun! FHarlock erabiltzaileak frogatu zigun askotan ezagupen teknikoa baino denbora kontua dela arazoa!