2015eko urtarrilaren bata egun handia izan zen euskal bidejokalariontzat; izan ere, egun horretan lehen euskal Minecraft zerbitzaria ireki genuen crowfunding kanpaina arrakastatsu bati esker. Garai hartan, boga-bogan zegoen, eta jokoa bera euskaraz egon arren, ordura arte ez zegoen gure hizkuntzan jolasteko zerbitzaririk. Jokalarien harrera primerakoa izan zen, atsedenik gabe aritu ginen jolasean eta hamaika abentura bizi genituen elkarrekin. Lagun berriak egiteko aukera ere eman zigun (garai hartan sortutako zenbait taldek oraindik elkarrekin jolasten dutela jakin dugu).

 

Bi urte luze eta gero, atsedentxo bat hartzea erabaki genuen, baina, hitz eman bezala, itxiera behin-behinekoa izan zen. Orain, berriro irekitzea erabaki dugu, Izarkom Euskal Herriko telekomunikazio operadorearekin elkarlanean. Gainera, Izarkomen helburuetako bat sare askeak bultzatzea denez, gure zerbitzarira guifinet saretik zuzenean sartzeko aukera izango dugu. Asko eskertzen diegu aukera hori eman izana, eta ziur gaude etorkizunean ere proiektu gehiago landuko ditugula elkarrekin.

 

 

Zerbitzariaren funtzionamendua aurrekoaren antzekoa izango da: jokalariek izango dute hitza eta beraiek erabakiko dute zein bide hartu. Administrazio taldea jokalari beteranoz osatuko da hasieran, baina espero dugu pixkanaka jende berria gehitzen joatea. Ideia asko ditugu buruan, baina zuenak entzuteko irrikitan gaude.

 

Irekiera irailaren 8an izango da, arratsaldeko lau eta erdietan. Game Erauntsiaren Twitch kanalean zuzenekoa izango dugu, eta TheTowers, OITC eta TNTRun minijokoetan arituko gara. Horretaz gain, gure EH birtualetik paseotxo bat egin eta jokalariek sortutako eraikin esanguratsuenak bisitatuko ditugu. Laster eguneratzea espero badugu ere, 1.12.2 bertsioa erabiliko dugu. Bertan sartzeko helbidea mc.gamerauntsia.eus izango da.

 

Informazio gehiago zerbitzariko orrialdean izango duzue laster. Han espero zaituztegu!