Game Erauntsian aspaldian behin baino gehiagotan aipatu da A Short Hike joko berezia. Txori pixelatu antropomorfo bat kontrolatuko dugu bertan. Nahiz eta aspalditik joko ezaguna nuen (itch dendako mega-bundle horietako batean erosia nuen), Game Erauntsiko analisiak eman zidan Claire-n lumapean ibiltzeko gogoa.

Jokoaren mekanika dela eta, erronka ttikien bidez erronka handienari aurre egitea da helburua. Hori dela eta, tarte motzetan aritzeko joku egokia da, nere egungo egoerarekin bateragarria, alegia. Analisiaren eta jokatzeko modu horiek animatuta, jokoa deskargatu nuen. Jokatzen hasi aurretik, jokoaren fitxategien "ibilalditxo" (badoom psss) bat egin nuen eta itzulpenak egiteko fitxategia zegoela ikusi nuen (garatzaileak berak utzia, nahi duenak itzultzeko). Horrela jaio zen "ibilaldi labur bat".

Nahiz eta probak behin eta berriz egin, hasieratik behin baino gehiagotan hasi, pertsonaiekin elkarrizketetako aukera guztiak probatu... ez nintzen jokoaz aspertzen. Alderantziz, aukera guzti horiek deskubritu nahi nituen. Adibidez, irudian ikusten den egoera segur aski jokalari gehienek ez zuten ezagutuko, horrelako detaila pila bat ditu jokoak, maitemindurik nauka.

 

Itzulpenean aurkitutako oztopoak

Jostatzen ari nintzen bitartean aritu nintzen itzulpenarekin. Orokorrean nahiko elkarrizketa arruntak dira, hala ere, badaude hitz-joko, txiste eta antzeko batzuk. Horietako batzuk bakarrik egitea lortu nuen, denbora dezentez bueltak emanez, baino gustora. Bertze batzuk, ordea, ezin asmatuz ibili nintzen eta itzultzailea den lehengusinari laguntza eskatu nion. Neurri batean, itzulpen hau profesional batek egina dela erraten ahal da!

Horrez gain, fitxategiko esaldi guztiak (lau bat mila sarrera) itzuliak nituenean, jokoan bertan bazeuden testu batzuk ingelesez ageri zirenak, lorpenen atalean batez ere. Esaldi horiek ingelesez ezin utzi eta Adam Robinson-Yu garatzaileari bere itch orrian galdetuta, hurrengo egunean bertan bidali zidan fitxategi eguneratua. Zer nolako luxua komunitatearen hain gainean dauden garatzaileak izatea!

 

Itzulpen bat gehiago

Jokoaren istorioak ez du misterio handirik, baina erronka nagusia osatzean emozionatu egiten du. Eta euskaraz izanda, oraindik gehiago emozionatu nau. Joko honen estiloagatik eta euskaraz egonda, nik uste gure etxeko ttikiak aritzeko hagitz egokia dela. Pausoz-pauso eta jokoz-joko sare polita osatzen ari gara gero eta barneratuagoa izan dezagun euskara bideo-jokoetan bertze edozein hizkuntzaren mailan egoten ahal dela.

euskarazko jokoaren irudia

Berri hau idazteko emandako aukeran eskerrak eman nahi dizkiet itzulpengintzan dabiltzan guztiei eta batez ere Game Erauntsiari, horiek koordinatu eta ezagutzera emateagatik. Niri behintzat ailegatu zait eguna: joko berri bat hasi eta hizkuntzen menua Euskara aurkituko dudan esperantzarekin irekitzen dut.

Espero baino gehiago luzatu zaidan ibilaldi labur honetaz nik bezainbertze gozatzea espero dut. Itzulpena instalatzeko pauso hauek jarraitu.