Erdi Arora itzuliko da Relic Entertainment garatzen ari den estrategiazko jokoa. Udazken honetan helduko da PCra.
Estrategiazko jokoen artean hainbat titulu nagusitzen dira benetako klasikoak izendatzeko unean. Starcraft, Total War edota Command & Conquer daude horien artean, esate baterako, baina bat aukeratu behar bada zaleen artean ohiartzun handiena izango duena da ziur asko Microsoften Age of Empires. 2017an laugarren atala prestatzen ari direla iragarri ondoren, lehen gameplay trailerrak eta xehetasunak aurkeztu dituzte azkenean zaleei zuzendutako aurkezpen digitalean.
Age of Empires IV Erdi Arora bueltatuko da berriz hirugarren atalean XVI. eta XIX. mendeetan oinarritu ondoren. Garatzaileek hasieratik argi utzi dute joko berria izan arren aurreko atalen oinarriak mantenduko dituztela laugarren abentura honetan. Hori horrela, ziurrenik sagako jokorik arrakastatsuena dena hartu dute erreferentzia modura: AoE II.
Ohiko jostagarritasunari mekanika berriak gehitu behar zaizkio halere. Setioen garrantzia areagotu egingo dela dirudi, eta harresietan arkulariak jartzeko aukera edukiko dute jokalariek. Zibilizazioen arteko desberdintasunak ere nabarmenagoak izango dira, bai alde estetikoan zein beraien mekaniketan.
Izan ere, zibilizazioen kopuru erraldoia eskaini beharrean ondo desberdindutako gutxi batzuk izango ditu AoE IV honek. Momentuz lau aurkeztu dituzte Relicekoek: Ingelesak, txinatarrak, mongoliarrak eta Delhiko sultanerria. Guztira zortzi zibilizazio agindu dituzte jokoa argitaratzen denerako; halere, etorkizunean gehiago gaineratuko dizkiote jokoari DLCekin.
Unitate mota orokorrak partekatuko dituzten arren, eraikinak zein unitate bereziak propioak izango dira zibilizazio bakoitzarentzat. Mongoliarrak izango dira orain arteko zibilizazioen artetik berezienak: Yurta erako etxebizitzat erraz lekualdatzeko aukera edukiko dute hauek, herrixka osoak mugitzeko ahalmena izanik baliabideak errazago ustiatzeko.
Modu horretara aniztasuna bilatzen dute garatzaileek, antzekotasun handiak dituzten dozenaka zibilizazio eskaini ordez: hori dela eta zortzi prestatzea lan handia dela nabarmendu nahi izan dute Relicekoek. Isilpean aritzeko mekanikak ere izango ditu AoE IVk: basoetan, adibidez, ikuspena oso mugatua izango da. Hori dela eta arerioak elkarren ondotik igaro daitezke ohartu gabe.
Nola ez, jokalari bakarrarentzako kanpainak ere itzuliko dira estrategia jokoarekin. Oraingoan pertsonaia bakarrarengan ardaztu gabe aro eta gertakizun orokorrak hartuko dituzte abiapuntutzat. Horren adibide bezala, Normandiako kanpaina Gilen I.a Konkistatzailearekin hasiko da, baina ondoren bere semeekin zein bilobekin jarraituko du, historian are gehiago luzatuta.
Argitaratze data zehaztu ez duten arren, Age of Empires IV 2021eko udazkenerako prest izatea aurreikusten dute arduradunek.
Aurreko jokoak ahaztu gabe
Aurkezpen digitalaren protagonista AoE IV izan bada ere, bigarren eta hirugarren atalek eduki berriak jasoko dituztela aipatzeko aprobetxatu zuten egitasmoa.
Age of Empires II: Definitive Editionen kasuan, urtarrilean kaleratutako Lords of the West DLCaren ondoren udarako Dawn of the Dukes espantsioa prest izango dutela jakitera eman dute garatzaileek. Ekialdeko Europako girotzea eta zibilizazioak ekarriko ditu honek. Horrez gain, jokoan aurretik batutako jokalari bakarrarentzako kanpaina batzuk bi lagunen artean jokatzea ahalbidetuko dutela baieztatu dute.
Bestalde, zibilizazio berria jasoko du Age of Empires III: Definitive Editionek: Amerikako Estatu Batuek unitate zein mekanika propioak gaineratuko dituzte orain gutxi kaleratutako birmasterizaziora. Doako edukia izango dela aurreratu dute, baina eskuratzeko jokalariek erronka berezi bat gainditu beharko dute. Etorkizunean are eduki gehiago ikusiko dira hirugarren atalerako, Afrikara mugituko direla aipatu baitute garatzaileek.
Iruzkinak