Astelehenean abiatuko dituzte erreserbak, 249 dolarren truke. 8Bitdo-rekin elkartu dira aginte berezia eratzeko.
Analogue enpresak bideojoko klasikoetan jokatzeko hurrengo kontsolari buruzko informazio gehiago eskaini du. Oraingoan, Nintendo 64ari begira jarri dira: Analogue 3D gailuarekin 64 bits-eko obra mitikoetan 4K bereizmenean jokatu ahalko dugu datorren urtean.
Urriaren 21ean, datorren astelehean, abiatuko dituzte Analogue 3Daren erreserbak: 249 dolarren truke eskuratu ahalko dugu.
Kartutxoentzako sarrerarekin batera, N64ko lau mandorentzako sarbidea, bi USB ataka, eta, bukatzeko, microSD txartelarentzako euskarria edukiko ditu gailu modernoak. Bluetooth LE eta Wi-Fi konektibitatea aipatzen dute egileek. Bai, lasai: Expansion Pack gailuarentzako euskarria dauka, Majora’s Mask edo Perfect Dark klasikoetan ganoraz jokatzeko.
Bi koloretan etorriko da: beltzean zein zurian. Kolore berberak edukiko dituzte, baita, 8Bitdo enpresarekin elkarlanean sortu dituzten N64ko aginte modernoek. Ez dute xarma bera, baina jatorrizkoaren botoi guztiak batuko ditu gaur egungo diseinuarekin —Switch-aren Pro agintea gogorarazten du—. Zoritxarrez, aginteak ez dira kontsolarekin batera etorriko: 40 dolar balioko dituzte.
Kontsola originaleko kartutxoekin funtzionatuko du Analogue 3Dak. Ez du eskualdeko mugarik: Japoniako zein Amerikako NTSC bertsioak zein gure PAL jokoak erabil ditzakegu. 3D OS sistema eragile berria erabiliko du. N64ko jokoentzako hainbat ezaugarri berezi eskainiko ditu: gordetako partidak, argazkiak zein bideoak egiteko sistema, aginteen botoiak antolatzeko ezaugarria…
HDMI sarrera bidez konektatuko dugu pantailetara. Atzerapen edo lag gabeko partidak agintzen dituzte egileek, freskatze tasa aldakorrarekin batera.
Emulazioa guztiz alboratuko dute, hasiera batean, behintzat; izan ere, jarraitzaileek 3D OSrekin OpenFPGA Core nukleoak erabiltzeko aukera egongo dela uste dute, N64aren zein beste hainbat kontsoletako ROM fitxategiak erabiltzea ahalbidetuz. Horrela gertatu izan da Analoguen aurreko gailuetan: itxaropena hor dago, beraz.
Hori esanda, Analogue 3Da ez da enpresak sortutako lehen kontsola: aurretik NES, SNES, Sega Genesis edo Game Boy klasikoen jokoak erabiltzeko Nt mini, Super Nt, Analogue Pocket edo Analogue Duo gailuak prestatu dituzte, besteak beste.
Iruzkinak