Ikku gaztearekin puzzlez betetako bidaia biziko dugu DigiPen Europe Bilbao ikastetxeko ikasleen azken bideojokoan.
Paisaia ikusgarriak eta esplorazioa ardatz daukan jokagarritasun lasaia dira Anyu eskaintzen dituenak. Ez hori bakarrik: dohainik joka daiteke, eta, are hobeto, euskaraz.
Hitzok irakurrita, ziurrenik bideojokoaren jatorria argi izango duzue; hori da, DigiPen Europe Bilbao ikastetxeak argitaratutako obra da Anyu. Zehazki, zentroko ikasleek batek osatutako Antipodas taldearen ikasturte bukaerako lana dugu.
Garazi Feliu, Jon Beobide, Maria Perez, Mikel Benegas, Borja Gambra, Alvaro Sabas zein Gonzalo Ernesto artistek Unai Morentin, Daniel Herreros eta Javier Gerra programatzaileekin elkarlanean garatu dute abentura.
Ikku izeneko neska gaztea kontrolatuko dugu Anyun. Mendi tontorreraino igotzea izango da bere helburu nagusia: bertatik ipar argiak ikusi nahi ditu protagonistak. Ez du bide errazarekin topo egingo, baina: jokoa izendatzen duen antzinako zibilizazioaren hondakinak aurki daitezkeen lurretan zerbait jazo da, eta izoztutako guneetatik aurrera egiteak adimena nahiz sasoia eskatuko ditu.
Puzzleak gainditzen ariko gara gure motxila erraldoiaren eta pisudunaren baitan dauden tresnak erabilita: pioleta, eskiak zein bestelako erremintak edukiko ditugu eskura. Horrez gain, laguntza eskainiko diguten pertsonaiak eta adiskideak ere aurkituko ditugu gure ibilbide elurtsuan.
Esan bezala, Anyu gure hizkuntzan goza daiteke dohainik; zoritxarrez, plataforma bakarrean joka dezakegu. Ohi bezala, PC-rako estreinatu dute DigiPenekoek: Steam plataformaren bidez jaitsi daiteke.
Bukatzeko, ikastetxearen aurreko bideojokoak errepasatzea komeni da. Orain astebete kaleratutako Cat-aclysm zein iazko Avani, Veggie Menace, Arclight Beat, Han’yo, Arruyo eta Shadow Racer gure mintzairan kaleratu dituzte; guztiak Valve-n saltokian aurkituko ditugu, baita Game Erauntsiaren euskarazko bideojokoen zerrendan ere.
Iruzkinak