PCan eskura dezakegu sei minutuko iraupena duen obra interesgarria: hotel bateko igogailuan jazotakoak kontatuko dizkigu.

Praenaris estudio donostiarrak Arima Lodge bideojokoaren azken bertsioa kaleratu du Steam plataforman. Euskaraz eta doan jaitsi daiteke: kontakizun motza proposatzen duen abentura interaktiboa dugu.

Horren laburra, sei minututan gaindi daitekeela. Leku bakarrean igaroko da, gainera: Arima Lodge izeneko hoteleko igogailuan. Kai mandatu mutilean bihurtuko gara: gure egun horretako lana igogailura datozen bezeroak artatzea da… baina ez dugu ohiko laneguna biziko.

Abentura grafikoa edo nobela bisuala dela esan daiteke: hizketaldietan parte hartzea eta denbora azkarreko ekintzak (QTE) betetzea izango da gure zeregin bakarra. Praenariskoek kontatzen duten istorioan dago jokoaren benetako mamia, eta erabaki bizkorrak hartu beharko ditugu narratiban aurrera egiteko.

2022an egindako Indie Spain Jam topaketan garatutako proiektua da Arima Lodge. Ekain ‘Highnoon’ Zarraua Praenarisko arduradunak horixe bera azaldu zigun Jokotekniaren VI. jardunaldian emandako hitzaldian; bertan aipatu zuenez, astebeteko epean garatutako lana txukuntzen eta hobetzen aritu dira Steam plataformara eraman ahal izateko.

Aipatu modura, doan eskura dezakegu: Steameko jokoaren fitxaren bidez gehituko dugu gure liburutegira, eta, ofizialki euskaraz dagoenez, hizkuntzen menuaren bidez ezarriko dugu gure mintzairan.

 

Agur oraingoz, Praenaris

Joko berriaren kaleratzea berri goibelekin iritsi zaigu. “Praenarisen istorioa honaino iritsi da”, adierazi digu Highnoonek: “Irentsi genezakeena baino gehiago mastekatzen saiatu gara”. Taldea murriztu, eta esku artean zeukaten proiektu handia bertan behera utzi dute: Embers of the Evening argitaratu gabe geratuko da.

Zorionez, taldea ez da guztiz desagertu: “Proiektu txikiagoetan jarraituko dugu, motel-motel, gure erritmoan”, dio garatzaile eibartarrak. “Beraz, agian gure berririk izango duzue etorkizunean”.

Donostiarrek iaz merkaturatu zuten lehen bideojoko handia: The Silent Swan ibilaldi simulagailuan hiri misteriotsu erraldoia esploratu genuen gure protagonistaren iragana argitu nahian. PlayStation 5 —fisikoan zein digitalean— kontsolan zein PCan eskura daiteke oraindik.