DigiPen Europe Bilbao zentroko ikasleek kaleratutako azken bideojokoa da: Amnesia bezalako jokoak hartzen ditu oinarritzat. Steam bidez joka daiteke.

Euskarazko bideojokoek askotariko generoak lantzen dituztela argi dago: akzioa, tiroak, abentura, nobela bisualak eta askoz gehiago ikusi ditugu azken hilabeteotan. Beldurrezko tituluak ere badaude, eta orain beste bat gehitu zaie: Blank Canvas Studio-k garatutako doako Arruyo interesgarria gure mintzairan estreinatu da.

1950eko Espainian girotutako istorioa aurkezten digu joko motz zein beldurgarri honek. Frantziskoren rola hartuko dugu: gerra zibilean parte hartu zuen gizon honek gudako oroitzapen latzak margotzen ditu bere etxean. Heriotza eta gosetea dira nagusi margolanotan: hauek protagonista atsekabetzen dabiltza uneoro, etxetik zehar hedatzen. Zerbait hurbil dagoela sumatuko du Frantziskok, eta bere amesgaiztoei aurre egin beharko die.

Misterioa, ezinegona eta puzzleak izango dira nagusi. Hiru dimentsioko beldurrezko jokoa dugu Arruyo: abentura hasi bezain laster Amnesia bezalako generoko erreferenteengan inspiratutako mekanikak nabariko ditugu. Andaluziako arkitektura ardatz duten hiru maila desberdin proposatzen dituzte Blank Canvasekoek: margolanei dagokienez, Frantzisko Goyak margotutako Margolan Beltzak zein Gerrako Hondamenak koadroak hartu dituzte oinarritzat girotzea prestatzeko.

Estudioa DigiPen Europe Bilbao ikastetxeko laugarren mailako ikasleek osatzen dute. Hori horrela, zentrotik euskaraz jasotzen dugun hirugarren lana da: aurretik Shadow Racer eta Arclight Beat interesgarriak kaleratu zituzten graduatzeko dauden ikasleek.

Euskaratzeaz Nestor Uriarte arduratu da: jokagarritasun programatzailea ere izan da ikaslea. Berarekin batera aritu dira jokoaren garapenean Asier Herrero, Maialen Cascales, Jon Cascales, Jon Galaz, Sofia Gomez, Jose Antonio Montes, Cesar Prieto, Alejandro Balea, Emir Khanseitov, Jose Antonio Frias eta Jonathan Caceres kideak.

Esan bezala, Arruyo dohainik estreinatu da: ordenagailu bidez joka daiteke Steam plataforman nahiz Digipeneko webgune ofizialetik deskarga daitekeen fitxategiaren bitartez. Gauza bera gertatzen da ikastetxeko gainerako tituluekin: Shadow Racer, Arclight Beat, Mirlo: Above the SunForgotten JourneyQuest 4 Papa: Reloaded eta Astra euskaraz eta doan kaleratu dira PC-an.

Horiek guztiak, eta askoz gehiago aurkituko dituzu, beti bezala, Game Erauntsiaren euskarazko bideojokoen zerrendan.