Digital Airlines taldeak ikasturteko azken doako bideojokoa kaleratu du Steam plataforman.
DigiPen Europe Bilbo ikastetxeak euskaratutako bideojoko berria estreinatu du. Retro jokagarritasun zein estetika aurkezten dituen Astralityn dozenaka espazio ontzi suntsitzen ibiliko gara etorkizuneko simulazioetan murgilduta.
Sari ehiztariaren rola beteko dugu: Space Harrier edo Novastorm klasikoen mekanikak inspirazio iturritzat hartuta, gure ontzia gidatzen ariko gara shoot ‘em up tituluan.
Mailak automatikoki zeharkatuko ditugu, baina aurrera egiteko nahitaezkoa izango da arerioren samalda bakoitza garaitzea. Horretarako azkar ibili beharko gara: teklatuarekin euren laser izpiak saihestu, eta kontraerasoa jaurtiko dugu saguarekin apuntatuz.
Abilezia bereziak lortuko ditugu izpi arruntekin batera erabiltzeko: adibidez, teleportatze motza gauza dezakegu, baita pantailako etsai guztiak suntsituko dituzten misil hilgarriak jaurti ere. Nola ez, aktibatu ostean hozte epea beharko dute berriz gaitu arte.
Arerioek, berriz, norabide guztietatik erasoko gaituzte. Gehienetan hondoan geldi egongo dira, guk tiro egiteko zain, baina mugitzen dabiltzanak, tiroak kargatzen dituztenak, atzetik erasoko digutenak zein oztopo erraldoi suntsiezinak prestatu dituzte garatzaileek.
Digital Airlines da, hain zuzen ere, Astrality sortzeaz arduratu den DigiPengo ikasle taldea: informatika ingeniaritzako graduko Jon Legarretaetxebarria, Aihotz Arruti, Aitor Garmendia, Eritz Olaizola, Irene Amor, Jabier Madariaga, Fernando Uribe eta Luis Rubio programaitzaileek eratu dute bideojokoa.
Bilboko ikastetxearen aterpean argitaratutako gainerako bideojokoekin gertatzen den modura, PC-an jokatu ahalko dugu Astralityn: Steam plataforman deskarga daiteke dohainik. Euskaraz jokatzeko obraren doikuntzetara sartu eta hizkuntzen artean gurea hautatu beharko dugu.
Game Erauntsiaren euskarazko bideojokoen zerrendan aurkituko dituzu DigiPengoen tituluak, baita euskal bideojokozaleen komunitateak zein garatzaileek burututako lokalizazio proiektuak ere.
Iruzkinak