Wiseguy zaleak birkonpilazio estatikoa erabilita Nintendo 64ko kontsolako jokoen ordenagailuko bertsioak sortzen dihardu.

Banjo-Kazooie 3D plataforma abenturaren PCko bertsioa iragarri eta kaleratu du Wiseguy sortzaileak. Banjo: Recompiled izenpean, Rare estudio britainiarrak 1998. urtean Nintendo 64an argitaratutako jokoaren port-a eta birmasterizazioa da.

Bideo landu bezain dibertigarriarekin ezagutzera eman du proiektua: Mumbo Jumbo xamana Banjo eta Kazooie protagonistei portak biltzen dituen berritasunak eta ezaugarriak azaltzen ageri da bertan. Izan ere, Wiseguy N64: Recompiled proiektuak ahalbidetzen duen birkonpilazio estatikoaz baliatu da berriz bertsio eraberritua sortzeko eta hobetzeko.

Areagotutako bereizmenak, pantaila ultrazabalentzako euskarria eta nahi beste FPS aipatzen ditu egileak; gainera, porta ia edozein PC mugitzeko gai dela aldarrikatzen du. Kamera askea ere ikusiko dugu: agintearen bigarren palankarekin nahi bezala mugi dezakegu, azkenik.

Hiru dimentsioko plataforma abenturan Banjoren arreba Tooty salbatzeari ekingo diogu. Grunty sorginak harrapatu du, bere edertasuna lapurtzeko helburuarekin, eta bikote protagonista sorginaren etxeko mundu desberdinetan barneratu beharko da aurrera egiteko beharrezko abileziak, jiggy puzzle piezak eta notak biltzeko.

Azken horiei lotutako hobekuntza ere aipatzen da Recompileden: jatorrizko bertsioan, mundu batetik alde egiterakoan, bildutako notak galtzen ziren, berriz sartzerakoan bilketa hutsetik hasi behar izanik. Orain, jarraipena gordeko da.

Mod sortzaileentzako tresnak eta euskarria azpimarratu ditu, bukatzeko, Wiseguyk. Dagoeneko BK Reloaded, Nostalgia 64 edo Jiggies of Time bezalako eraldatzeak erabil daitezke Banjo: Recompileden.

PCko bertsio natiboa Windows, GNU/Linux zein MacOS sistema eragileetarako prestatu du egileak: jokoaren ROM fitxategia beharrezkoa da jokatu ahal izateko, baina porta sortzeko tresna Github-en aurkituko dugu.

N64ko jokoen kodea C hizkuntzara itzultzen du N64: Recompiled tresnak, ondoren konpiladorearekin aipatutako sistema eragileek mugitzeko gai izateko. Tresna edonork erabil dezake, baina Wiseguyk Banjo-Kazooie zein The Legend of Zelda: Majora’s Mask argitaratu ditu erremintarekin.

 

Port gehiago

Bitartean, Harbour Masters port sortzaile talde ospetsuak proiektu berriak kaleratu du: Ghostship kode izeneko lanarekin Super Mario 64 klasikoa PCra eraman dute.

Ez da N64ko jokorik ezagunenaren porta ikusten dugun lehen aldia; hala ere, HMren ohiko ezaugarriak eta tresnak biltzen eta erabiltzen dituen bertsioarekin bestelako eraldatzeak eta aukerak ikusiko ditugu. Aurretik, The Legend of Zelda: Ocarina of Time, Lylat Wars (Star Fox 64) edo Mario Kart 64 jokoen portak prestatu dituzte.

PCrako nahiz bestelako plataformetarako bideojoko klasikoen bertsio natiboen iraultza ikusten gabiltza. Lan nekeza da, aurretik dekonpilazio lana eskatzen baitute, eta, ostean, horiek birkonpilatzea eta bertsio berriak sortzea ere zaila izaten baita. Dena den, une honetan Paper Mario edo Harvest Moon 64 bezalako tituluak dekonpilatuta aurkitzen dira dagoeneko; beste plataforma batzuei begira, GameCube-ko The Legend of Zelda: Twilight Princess eta Mario Party 4 zein Game Boy Advance eramangarriko The Legend of Zelda: Minish Cap birkonpilatzeko prest daude.

Jokook egungo plataformetan hobetuta jokatzeko aukeraz gain, elementu berriak eta eraldatzeak gehitzeko aukera ikusten dugu proiektuokin. Bereizmena areagotu, segundoko fotogramen tasa hobetu, akatsak zuzendu, testurak eraldatu eta beste zenbait aukera dira, besteak beste, port berriek eskaintzen dituztenak.