Danmaku tiroak euskal mitologiako laminen kondairekin elkartzen ditu Barttolo Decung sortzailearen lanak. PCan estreinatu da, eta euskaraz baino ezin daiteke jokatu.
Ekialdeko Estudioak bere lehen bideojokoa kaleratu du Steam plataforman. Bazterka – Urik Gabeko Herria izenpean, Barttolo Decung garatzaileak proposamen euskaldun berezia dakar.
“Mundu berriko erreketatik ur guztia desagertu da. Egoerak okerrera ez egiteko, bi pertsonaiek, Bakarnek eta Nahiak, nondik norakoak ikertzen dituzte”, azaltzen du Steameko jokoaren orrialdean.
Bullet hell edo danmaku generoen oinarriak hartzen dituen titulua da Bazterka, DoDonPachi edo Ikaruga bezalakoen proposamena eraberrituta. Bi protagonistetako bat hautatuta, mundu berriko lurraldeetatik, basoetatik, mendietatik zein herrixketatik, ibiliko gara, euskal mitologiako laminen kondairak hartuta, istorio berezia kontatuz.
Laminen aurka egin beharko dute Bakarnek eta Nahiak, horretarako adur botereak erabilita. Ehundaka eraso nahiz jaurtigai saihestu beharko ditugu, tarteak gure tiroak eta magiak jaurtita, baita hauen boterea areagotzeko indartzaileak bilduta ere.
Protagonista bakoitzak bere abileziak, indarguneak eta ahulguneak ditu: Nahiaren tiroak motelagoak dira, adibidez, baina boteretsuagoak. Adur botereak ere desberdinak dira: Nahiarena erasora bideratuta dagoen bitartean, Bakarnerenak defentsarako balioko digu.
Hauek behar bezala erabiltzen ikastea gakoa izango da, abentura ez baita batere erraza izango: tiro bakarrean bizitza galduko dugu, eta, pantaila izpiz beteko dela ikusita, adi eta iaio ibili beharko gara. Zorionez, egile euskaldunak zailtasun maila desberdinak prestatu ditu.
Batuan zein zubereran
Bazterkaren proposamena benetan berezia bada ere, hizkuntzen aldetik nabarmentzekoa da Decungen lana: euskara hutsean argitaratu du. Beraz, kasu honetan ez dago inolako misteriorik: bideojokoa abiarazi, eta gure hizkuntzan joka daiteke.

Berezitasunak ez dira hor bukatzen, ordea: testuak batuan zein zubereran prestatu ditu garatzaileak. Menu nagusiko ‘aukerak’ atalean aurkituko dugu zubereran jokatzeko aukera. Egun, ez dago halakorik proposatzen duen euskal bideojokorik.
Bazterka iaz ezagutu genuen: garatzaileak demo motza argitaratu zuen itch.io orrialdean. Ordutik hona, demoa txukuntzen eta 1.0 bertsioa prestatzen ibili da. Decungek, gainera, Euskal Game Jam ekimenetan parte hartu zuen, Kolore zein Sü Txakürra sortuta lehen eta bigarren topaketetan, hurrenez hurren.
Joko osoa, esan bezala, Steamen aurkituko dugu.
Aurkezpena, bihar, Durangon
Bideojokoa kaleratu badu ere, Decung bihar izango da Durangoko Azokan Bazterka aurkezten. Horrela, Bideojoko sortzaileak izeneko aurkezpenetan parte hartuko du Kabi@ txokoan: 17:30ean hasiko da Bazterkarena —ekintza 17:00etatik 20:00etara izango da: hemen irakur dezakezue egitarau osoa—.
Horrekin batera, Ekialdeko Estudioaren titulua gure Gamer Gela ekimenean eskainiko dugu datorren astelehenean, abenduaren 8an. Kabi@ gunean izango gara baita, egun osoan.
Erlazionatutako edukiak:
Jokaldia: Bazterka - Urik Gabeko Herria [Normala 1CC] (Nahia)
Lander Unzueta
Iruzkinak