Zaleen re:Blue proiektuak JRPG abenturak era guztietako hobekuntzak jaso ditu, mod euskarriarekin batera.

Birkonpilazioen eta port ez ofizialen aroa muga guztia apurtzen ari da. Ordenagailuetarako iritsi den klasiko berria Blue Dragon da: 2006. urtean Mistwalker estudio japoniarrak Xbox 360 kontsolan esklusiboki argitaratutako JRPG jokoa.

Hironobu Sakaguchi, Nobuo Uematsu edo Akira Toriyama bezalako izen ezagunak batu zituen titulua oso maitatua da jokalarien artean —euskaldunoi ezaguna zaigun frankizia da, anime telesaila euskaratuta baitaukagu—, baina, tamalez, ez dugu berrediziorik edo birmasterizaziorik ikusi kaleratu zenetik —Xboxen retrobateragarritasun aukerak alboratuta—. Hori horrela, zaleek pozez txoratzen hartu dute re:Blue proiektuko egilearen mezua: gaur bertan estreinatzen da bertsio eraberritua.

Hobekuntzekin eta zuzenketekin dator, ganorazko birkonpilazioa osatuta: 4K bereizmena, denetariko pantaila motentzako euskarria, doikuntza grafikoak, lorpenak, saguarentzako eta teklatuarentzako euskarria —egungo aginteenarekin batera, interfazean integratuta— eta mod euskarria agintzen ditu egileak. Gainera, originaleko hiru DVDak fitxategi eta joko bakar batean bildu ditu.

Guztia prestatzeko, Tom izeneko garatzaileak ReXGlue tresna prestatu du: Xbox 360ko bideojokoekin birkonpilazio estatikoak sortzera bideratutako erreminta, alegia. N64 Recomp bezalakoak ikusi ditugu beste kontsoletan, denetariko emaitzekin: arduradunak dioenez, adimen artifizialaz baliatu dira Blue Dragonen porta prestatzerakoan, baina sortzaileak denak ondo funtzionatzen duela bermatu dute.

Github webgunean aurkituko dugu, gaurtik aurrera, Blue Dragonen re:Blue porta sortzeko tresna. Ohi bezala, bideojoko originala beharko dugu moldaketa prestatzeko: diskoetako baliabideak —modeloak, testurak, shader-ak, soinuak, abestiak…— hartzen ditu birkonpilazioa sortu ahal izateko, erreminta bera legezkoa izanik.

Ez da, baina, Xbox 360tik ateratako lehen birkonpilazioa: aurretik, Sonic Unleashed-en 360ko bertsioaren porta ere ikusita daukagu, adibidez. Dekonpilazio proiektu ugari daude, baina gutxi batzuk dira, ondoren, birkonpilatutakoak eta eraberritutakoak: Game Erauntsian The Legend of Zelda: Ocarina of Time, Majora’s Mask nahiz Twilight Princess, Mario Kart 64 edo Banjo-Kazooie aipatu ditugu, esaterako.