Bluepoint Games Sony-ren kontsoletarako hainbat remake garatzeaz arduratu da. PlayStation Studios-ek beste hainbat garatzaile erosi ditu azken asteetan.
PlayStation Studiosen familiak hazten jarraitzen du. Hermen Hulst arduradun nagusiak PlayStation Blogean ezagutzera eman duenez, Bluepoint Games erosi du Sonyk.
Demon’s Soulsen remake bikainaren arduradunek harreman estua eduki dute PlayStationekin azken urteotan. Hainbat remake eta birmasterizazio esklusibo garatu dituzte japoniarrentzat: horien artean daude Shadow of the Colossus apartaren remakea, Gravity Rush Remastered edota Uncharted: Nathan Drake Collection.
“Bere proiektuekin Bluepointek kontsoletako atal teknikoaren zein jostagarritasunaren mugak gainditzea lortu du”, dio Hulstek. “Estudioaren munduak sortzeko zein pertsonaiak sortzeko eskarmentua etorkizuneko PlayStation Studioseko jabetzentzako ezinbestekoa izango da”.
Orain arte Bluepointek garatutako lanak aurreko jokoen eguneratutako bertsioak izan badira ere, hurrengo bideo-jokoa guztiz originala izango dela adierazi du Marco Trush estudioko presidenteak IGN agerkarian. Halere, garapen prozesua luzea izango dela dio: “horrela izan behar du, bestela ez genuke joko ona sortuko”.
Erosketa ez da inolako ustekabea izan: ekainean PlayStationek Housemarque erosi zuela iragartzerakoan Japoniako webgune ofizialean Bluepointen logoa ere agertu zen. Gutxi iraun zuen irudiak, ohartzerakoan ezabatu egin baizuten.
Bluepointekin eta Housemarquekin batera PlayStation Studiosek Nixxes Software eta Firesprite bereganatu ditu.
Iruzkinak