32 urte daramatza enpresan egungo zuzendariak; azken urteak polemikaz betetakoak izan dira. Microsoft-ek Activision bereganatuta, arduradun nagusia alboratu du.

Bobby Kotick Activision Blizzardeko arduradun nagusiak agur esango dio, azkenik, enpresari. Zuzendariak abenduaren 29an utziko du bideojokoen enpresa erraldoia.

Microsoftek urri hasieran bereganatu zuen ofizialki Activision Blizzard: 68.000 mila milioi dolarren truke egindako erosketa 2022an hasi zen, baina nazioarteko hainbat nazioarteko zenbait erakundek fusioa eragotzi zuten. Microsoften aldaketa handien artean dago Kotick alboratzearena: Xbox-en taldeak berrantolatzeaz gain, Activisionen beste buru bat ezartzea erabaki dute.

Matt Booty arduratuko da Activision Blizzard gidatzeaz. Gaur egun antzeko lana egiten du Zenimax eta Bethesda taldeekin.

Kotick ez da enpresa utziko duen kargu garrantzitsu bakarra izango. Berarekin batera Lulu Meservey, Activision Blizzardeko komunikazio zuzendaria (CCO,) eta Humam Sakhnini, Blizzard zein King taldeetako zuendariordea, aldenduko dira enpresa erraldoitik. Datozen hilabeteetan, gainera, oraindik zehaztu gabeko Activision Blizzardeko kargu gehiagok bere postua uztea aurreikusten da.

Ez da harritzekoa, azken urteetan Call of Duty, Warcraft edo Overwatch bezalako jokoen enpresa polemikaz beteta egon baita.

 

Arazo larriak azken urteotan

Arraza eta genero diskriminazio eta sexu jazarpen salaketak egotzi zizkioten enpresari; ez hori bakarrik, hainbat urtez Kotick jakinaren gainean zegoela salatu zuten, bere kasuan ere lantoki barruko zein kanpoko jokaera desegokiak erakutsiz.

Hala ere, Phil Spencer Xboxeko arduradun nagusia jazarpen gaien inguruan isildu, eta Koticki egindako lana eskertuz agurtu da: “Bobbyri industriari egindako ekarpen zenbatezinak eskertu nahi dizkiot, baita Activision Blizzarden erosketa ixteko erakutsitako konpromisoa eta laguntza ere”.

Koticken etorkizunari dagokionez, futbolaren munduan barneratuko dela dirudi: West Ham United taldearen akzioak erosteko asmoa daukala aurreratu du.