Kontsoletan zein ordenagailuetan kaleratuko da aurten. 110 jokalari eta istorio berriak elkartuko ditu.

Captain Tsubasa II: World Fighters aurkeztu dute Tamsoft garatzaileak eta Bandai Namco argitaletxeak. Oliver eta Benji —Japonian, Captain Tsubasa— manganime maitatuaren bideojoko berria izango da, alegia.

2020an kaleratu zen Captain Tsubasa: Rise of New Champions-en jarraipena urte honetan estreinatuko da. Plataformei dagokienez, PlayStation 5, Switch, Xbox Series eta PC gailuetan jokatu ahalko da.

Yoichi Takahashi mangaka bideojokoaren garapenean murgilduta dagoela iragarri dute arduradunek. Komikigileak azaldu duenez, 110 pertsonaia kontrolatuko ditugu World Fightersen: nazioarteko 22 futbol taldetan banatuko dira.

Jatorrizko jokoan egindakoak hobetzea eta hedatzea dute helburu arduradunek: super mugimendu eta mekanika berriak agintzen dituzte. Zinematika ugari ikusiko ditugu partiduetan: horietarako manga originalaren estetikaz baliatu dira.

Oraingoz xehetasun gutxi eskaini dituzte, baina datozen hilabeteotan berritasunak sakon ezagutzera ematea espero da Bandai Namcoren aldetik. Esan bezala, 2026an estreinatuko da Captain Tsubasa II: World Fighters.